Barroso eta Van Rompuy ere kritiko azaldu dira Londresekin

Txekiar Errepublikak, Danimarkak eta Suediak argibide gehiago nahi dituzte ezer sinatu aurretik

Iker Aranburu.
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Herenegun Westminsterko Legebiltzarrean bere alderdikoek emandako txalo zaparradarekin konformatu beharko du David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak. Europako Batasuneko gobernugehienek ez ezik, Bruselako ordezkari gorenek eta Europako Legebiltzarreko talde nagusiek ere kritikatu egin dute britainiarren jarrera. Kontrako hitzik ez du jasoko Txekiar Errepublikatik behintzat, hango gobernuak oraindik ez duelako argitu bat egingo duen Bruselanizenpetutako akordioarekin. Danimarkan eta Suedian ere baiezkoa ez da erabat ziurra.

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentea Nicolas Sarkozyrekin lerratu zen atzo, Europako Legebiltzarrean egindako agerraldian. «Erresuma Batuak, bere oniritziaren truke, finantza zerbitzuei buruzko protokolo bat eskatu zuen, baina aurkeztutakoak arriskuan jartzen zuen merkatu bakarraren batasuna. Horrela, konpromisoa ezinezkoa zen». Londresen hutsunea baino gehiago, eurogunearen haustura eragotzi izana nabarmendu nahi izan du Durao Barrosok: «Hori zen arriskurik handiena goi bileraren aurretik».

Ildo beretik mintzatu zaie europarlamentariei Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentea ere. Erresuma Batuaren betoaren ondotik, Lisboako Ituna aldatu beharrean gobernuen arteko akordioa egitea «beste alternatibarik ez zegoen», azaldu du. Edonola ere, aitortu du EBren ituna ezin ukitzeak gauzak zailduko dizkiela batasun ekonomikoan eta diziplina fiskalean aurrera egin nahi duten estatu kideei. Sarkozyren arabera, urtea amaitzerako lotu nahi dituzte arazo juridikoak.

Europarlamentuko talde nagusiek ere gogor egin dute Cameronen erabakiaren aurka. Europako Alderdi Sozialistako buruzagi Martin Schultz alema- niarrak «elkartasunik ez izatea» egotzi dio lehen ministro britainiarrari, Londresko City finantzagunearen erregulazioari uko egiteagatik. «Espekulatzaileen eta aberatsen interesak baizik ez ditu zaintzen; Erresuma Batuak Kaiman uharteak bihurtu nahidu». Agintariek izenpetutakoaren ere kritiko azaldu da Schultz, diziplina fiskala ezarri besterik egiten ez duelakoan.

Europako Alderdi Popularraren izenean, Joseph Daul frantziarrak «berekoi» jokatzea leporatu dio Erresuma Batuari: «Elkartasuna alde biko bidea da. Ez dut ulertzen zergatik egin behar dizkiogu keinu gehiago Londresi». Liberalen buruak, Guy Verhofstadek, keinu baten bidez erakutsi du bere haserrea: ingelesez hitz egiteari utzi dio, hizkuntza hori «modaz kanpo» dagoelakoan. Belgikako lehen ministro ohiak uste du Cameronek «bere bizitzako hutsik handiena» egin duela, «Cityren interesak defendatzeko modurik onena mahaian negoziatzen jarraitzea baita».

Entzundakoak entzunda, hitzaldi euroeszeptikoa indartu du Nigel Farage tory-en ordezkariak: «Bada garaia Europako Batasunetik ateratzeko erreferenduma egiteko, eta kontinentearekin merkataritza libreko ituna sinatzeko».

Pragaren zalantzak

Erresuma Batuaz gain, baliteke beste herrialde bateren bat ere geratzea prozesutik kanpo. Suediak, Hungariak eta Txekiar Errepublikak denbora gehiago eskatu dute bat egin ala ez erabaki aurretik. Azken herrialde horretan, Petr Necas lehen ministro kontserbadorea sinatzearen aurka azaldu da Pragako legebiltzarrean. «Inork ez daki [itunak] zein baldintza dituen euroguneko kideentzat eta besteentzat. Paper zuri bat besterik ez da, eta pentsaezina da orain hori sinatzea». Necasek ziurtatu du legebiltzarrak esandakoa onartuko duela.

Euroari espreski uko egin dionherrialde batek, Danimarkak, ituna sinatuko duela iragarri du, baina erabakia atzeratu du hango gobernuak, itunak zehazki zer ondorio izango dituen argiago izan arte. Ekologista eta eskuin populista aurka daude, baina Helle Thorning-Schmidt lehen ministroak gehiengoa ziurtatuta dauka, bere alderdi sozialdemokratari liberalak eta kontserbadoreak batuko zaizkiolako. Danimarkako Gobernuak ez du gaiari buruzko erreferendumik egin nahi. Jarrera bera du Irlandakoak ere. Atzo, baina, oposizioak bat egin zuen, eta galdeketa ezinbestekoa dela aldarrikatu.

Suedian, Fredrik Reinfeldt lehen ministroa ere informazioa jaso arte zain dago itunarekin bat egiteko. Gehiengoa lortuko ote duen ez dago batere garbi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.