Antonio Basagoitiren iritziz Jaurlaritzaren aurrekontuetan ez dago egoera ekonomikoari aurre egiteko "plan zehatzik", eta horregatik PPk ez lukeela horien alde bozkatuko argudiatu du. Gainera, EAJri leporatu dio Madrilgo murrizketen kontra agertzen dela ondoren bereak ezartzeko: "Nahikoa daukagu gure murrizketekin, Urkullurunak babesteko, 'k'-rekin baldin badira ere". Aitortu du, ordea, bat datozela bi alderdiak ekonomia suspertzeko eta krisitik ateratzeko egiten duten analisian.
Jaurlaritzak ohar baten bidez esan du giro onean egin dutela bilera Urkulluk eta Basagoitik. Lehendakariaren bilera errondak asteartean izango du segida: Patxi Lopez eta Laura Mintegirekin bilduko da. Asteazkenean Andoni Ortuzar EAJko presidentearekin bilduko da azkenik.
Bake Batzordean ez du PPk parte hartuko
Basagoiti, baina, oso kritiko agertu da EAJk eta PSE-EEk atzo Legebiltzarrean bultzatu zuten Bake Batzordearekin; datorren astean osatuko dute. PPko buruaren arabera, Urkulluk jarrera aldatzeko eskatu dio. Berretsi du, ordea, Basagoitik "EH Bilduk terrorismoa gaitzetsi bitartean", ez direla eurekin eseriko. Batzordea sortzeko ponentzia ez babesteaz gain, ez dutela parte hartuko ere iragarri du Basagoitik.