Zeberion eta Zamudion erretako baserriez gain, burtsako bi etxe handi ere sutan izan ziren atzo: bi banku handiek %4 inguruko galerak izan zituzten. Popular (-%4,59) ere larri ibili zen. Santanderrek (-%3,86) gaur jakinaraziko ditu iazko mozkinak. Aurretik, txerritxo ehiztarien tiroak jaso zituen, nazioarteko funts handienak ziurrenik; Botinek inoiz aipatu 10.000 milioi euroren langak itxaron egin beharko du. 2.915 milioiren salerosketan, 833 milioi eragin zituen banku gorriak. Telecinco (+%2,54) edota %1na pasa irabazi zuten Enagas, Ebro Puleva eta Grifolsena salbuespena izan zen, ur tanta soilak sute handian. %3,1 galdu zuen Banestok ere eta %2,25 Sabadellek. Etxeen prezioak Espainian mugitu egingo dira, beherantz mugitu ere; ez baserriak erretzen hasteko adina, baina bankuren batek erreketak jasateko beste bai. AEBen AAA kaudimen kalifikazioa Moodys rating etxeak zalantzan jartzen badu, edozer gerta liteke.
Mapfre (-%4,48) aseguru etxeak burtsa saioa amaitu ostean jakinarazi zuen iaz 926 milioiren mozkina izan zuela, aurreko urtean baino %3 gehiago. Hori gutxi ez eta 2010erako aurrikuspen baikorrak ditu gainera, batik bat nazioarteko jarduerari esker.
Zeltia (-%2,63) bioteknologia enpresak minbiziaren aurkako bere Yondelis botika saltzeko baimena lortu du beste zortzi herrialdetan; tartean, Malaysia, Bolivia eta Azerbaijan. Oraingoz Europako Batasunean, Suitzan eta Errusian 28 milioiren salmentak ditu.
Baserriak sutan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu