Unai Arangurenek (EHNE Bizkaia), Iñaki Goenagak (ENBA), Amelia Jauregik (EBEL) eta Garikoitz Nazabalek (EHNE) hartuko dute parte gaur Martin Ugalde foroan. 19:00etan hasiko da, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Nola egin dezake aurrera baserriak XXI. mendeko mundu globalizatuan? galdera abiapuntu dutela azalduko dituzte baserritarren gaur egungo erronkak zeintzuk diren.
Jon Fernandez BERRIAko kazetariak gidatuko du mahai-ingurua. Sarrera librea izango da.
Garikoitz Nazabalek iragaran irailean BERRIAn argitara eman zuen iritzi artikuluan esne ekoizleen egoeraz hausnartzen zuen. Besteak beste, ondoko esaldiak zekartzan artikuluak: "Baserritarron artean askotan esan ohi dugu normala dela, haurrei esnea nondik datorren galdetuta, brik-etik edo potetik erantzutea". Nazabel arabera urte erabakigarriak dira hauek nekazaritza politikei dagokienez: "Bereziki garrantzitsua bihurtzen da momentua, sektorean bizi den gainbehera historikoa muturrera iristen ari delako".
Amelia Jauregi EBELeko kideak, besteak beste, Eusko Legebiltzarrean berriki onartu den Emakume Baseritarren Estatutuaz hitz egingo du. Bere esanetan, baserri guztietan daude emakumeak lanean, "nahiz eta ez ikusi. Okerrena hori da. Gure zenbait amona, ama, joan egin dira, bizi guztian baserrian lan eginda. Eta sekula ez dituzte langiletzat kontsideratu. Ez dutelako kotizatu".