Brenteta Texas upelak berriro atzoko marka historikook gainditzeko gertu daudela dirudi. Aurreko egunetako arrazoiei Nigeriako matxinatuen altxamendua, Ivan urakanak Mexiko Golkoko petrolio ekoizpenari eragin dion kaltea, Estatu Batuetako erreserba apalak...Nigeriatik etorritako beste albiste bat gaineratu zitzaien.Petrolio sektoreko sindikatuek bi eguneko grebara deitu dituzte langileak Shellek aurreikusita dituen kaleratzeen aurka protesta egiteko. Multinazionalak iragarri du lanuzteak ez duela ez produkzioan ez esportazioetan eraginik izango, baina SGS portuetako inspektoreen elkarte independenteak adierazi zuen petrolio kargak bidali gabe geratuko direla grebaren ondorioz.Estatu Batuetako findegientzat gogokoen den petrolioa arina ekoizten du Nigeriak eta berriak hornikuntza faltako den beldurra areagotu baino ez zuen egin. Negua gainera dator eta, aldiz, faktore horiek ekoizpenean eragingo oteduten zalantzak prezioak gorantz bultzatzen ditu: «Lurralde ezezagunean gaude. Ez dago arrazoi askorik petrolioa saltzeko; aldiz, arrazoi pila dago erosteko», laburbildu zuen CBA bankuko David Thurtellek atzo.
Air Francek billeteak garestituko ditu
Petrolioaren kontratuak dolarretan salerosten direnez, euroa petrolioaren eragina arintzen ari da uneotan. Brent upelaren atzoko prezioak40,04 balio ditu eurotan. Petrolio garestiak erregaietan, aire konpainietan eta enpresen emaitzetan eragingo duela aurreikusten da. Adibidez, atzo iragarri zuen Air Francek distantzia luzeko hegaldiak 11 eurotan garestituko dituela.
Estatu Batuetan petrolioa %60 garestitu da eta ekonomistek ohartarazi dute munduko hazkundea moteltzeko ahalmena duela: «Petrolioaren prezioak argi eta garbi arrisku bat dira munduko hazkunde ekonomikoarentzat», adierazi zuen asteartean Nazioarteko Diru Funtsako ikerketa bulegoko buruak.
-
DIRU POLITIKA
Petrolioaren faktura neurtzen ari da EBZ
Petrolioak nola eragingo dio hazkunde ekonomikoari? Galdera horri erantzun nahian dabil Europako Banku Zentrala, neurriko diru politika ezartzeko. Jean Claude Trichet EBZko presidenteak atzo berretsi zuenez, petrolioaren prezioak «goian jarraitzen badu, edo gorago igotzen bada», Euroguneko nahiz kanpoko sendotasun ekonomikoa «hoztu» daiteke. Tricheten arabera, faktura saihetsezina den arren, iraganean baino «ondorio arinagoak» eduki behar lituzke epe ertainera merkatuko eragile guztiek «arduraz» jokatzen badute: ekoizleei erantzukizuna eskatu zien eta kontsumitzaileei energiaren erabilera aurrezteko bideak topatzea. Dena den, Trichetek atzo iritzi zion egungo egoera inoizko diru politikarik apalenarekin bateragarri dela, eta interes tasak %2an utzi zituen.