BBK-k, Kutxak eta Vitalek bat egingo dute. Duela hilabete eta aste batzuk harrigarria eta ezinezkoa bazirudien ere, Bilduk bermatu du hiru kutxek banku bat sortu ahal izatea: Kutxa Bank. Egia da, ordea, finantza erakunde berriak, banku izateari utzi gabe, aldaketa nabarmenak izango dituela kutxetako arduradunek diseinatu zutenetik Bildu koalizioarekin hitzartu dutenera: irabazien %30 gizarte ekintzetarako izango dira, ez lehenengo hiru urteetan bakarrik, baita hurrengoetan ere; diru pribatuari «ateak itxi» dizkiote, nola egingo duten zehaztu ez badute ere; eta Hego Euskal Herriko langileek lan hitzarmen propioa izango dute, haiek hala erabakitzen badute.
Hiru kutxetako administrazio kontseiluek eta batzar nagusiek onartu beharko dute akordioa. BBKren eta Vitalen batzar nagusiak etzi bilduko dira; Kutxarena hilaren 23an. Bat egite hotza izango da, bakoitzak berei izaerari eutsiko dio, gizarte ekintza kudeatzeko.
Bilduren babesak bermatu egingo du bat egitearen aldeko beharrezko gehiengoa Kutxaren batzar nagusian (BBKn eta Vitalen bazuten, Bilduren beharrik gabe). Bi hereneko gehiengoa behar dute, hau da, ehun ordezkarietatik 67ren baiezkoa. Oraingoz, 70ena lortu dute: EAJren 24, PSE-EEren hemezortzi, Bilduren hamalau (EAE-ANVren zortzi, EAren hiru eta Alternatibaren hiru), H1en hamahiru eta PPren bat. Kontra bozkatuko dute EBren bi ordezkariek. Oraindik ez dute behin betiko jarrera argitu Banatuzen hamabiek, CCOOren hamarrek, Pixkanaka Kaskariren biek, Aralarren biek eta ELAren batak eta LABen besteak.
Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eman zuten Bilduk eta kutxetako arduradunek lortutako akordioaren oinarrien berri atzo. BBK-k, Kutxak eta Vitalek baieztatu egin zuten akordioa lortu dutela. Gipuzkoako diputatu nagusiaren iritziz, Bilduk bere jarrera aldatu baino gehiago, kutxetako arduradunak hurbildu dira Bilduren gutxieneko eskaeretara.
Garitanok ez zuen zehaztu Bilduk bat egitea babesteak Banatuzen —ezker abertzaleko bezeroen ordezkaritza— eta LABen babesa ere eragingo duen. Banatuz eta ELA akordioaren xehetasunak jakin zain daude, akordioa baloratu eta beren botoak erabakitzeko. Garitanok atzo esan zuen Banatuzek eta sindikatuek negoziazioen berri izan dutela.
Bilduk bezala, Banatuzek eta LABek gogor kritikatu izan dute kutxak banku bihurtzea, gizarte ekintza ez ziurtatzea eta lan baldintza propioak ez bermatzea. Akordioa lortu eta gero, baldintza horiek guztiak aldatu egin dira.
Ez da Bilduk eta ezker abertzaleak nahi duten bat egite eredua. Funtsean, BBK-k, Kutxak eta Vitalek finantza negozio guztia banku baten esku utziko dutelako, eta, berez, horrek kapital eta jabetza pribatuari ateak zabaltzen dizkiolako.
Bildu «oso harro» dago akordioaz. Bankua izanda ere, Kutxa Bankek «kutxen espirituari, filosofiari eta funtsari» eutsiko diola nabarmendu zuen atzo Garitanok: «Sortuko den erakundea hasieran planteatutakoa baino askoz ere hobea eta indartsuagoa izango da, eta gizartearen beharrei hobeto erantzungo die».
Kontrol publikoa
Berez, kutxek sinatutako akordioaren arabera, Kutxa Banken jabetzaren %49 esku pribatuetan uzteko aukera zegoen. «Pribatizazioa saihestu beharra zegoen, eta lortu dugu», esan zuen atzo Garitanok. «Erakunde berriaren kontrol publikoari eta sozialari eutsi diogu». Ez zuen zehaztu nola.
Zenbait egunkaritan argitaratutako albisteen arabera, kutxek lehentasuna izango dute akzioak erosteko eta, beraz, jabetzak beren esku jarraitzeko.
Gizarte ekintzak eragin du kutxen bat egite proiektuan kritika gehien. Hasierako akordioak zioen irabazien %30 gastatuko zutela gizarte ekintzan, baina lehenengo hiru urteetan bakarrik. Ez zuen aipatzen laugarren urtetik aurrera zer gertatuko zen. Garitanok nabarmendu zuen lortu egin dutela «mugarik gabe» irabazien %30 gizarte ekintzarako izatea.
Bilduren babesa lortuta, langileena falta da. Sindikatuekin negoziatzen ari dira, kaleratu beharreko langile kopuruaz, erretiro aurreratuen baldintzez, lantokia aldatu beharko duten langileen konpentsazioez eta etorkizuneko lan hitzarmenez (kutxa bakoitzeko langileek berena dute, eta iazko urte amaieran amaitu ziren).
Kutxetako arduradunek ziaboga eman dute lan baldintzen negoziazioan. ELAk eta LABek eskatu dute langileen esku uzteko lan hitzarmenaren lurraldea aukeratzea. ELAk eta LABek nahi dute Hego Euskal Herriko langileei bertako lan baldintzak aplikatzea, ez Espainiakoak. Kutxetako arduradunek uko egin izan diete ELAren eta LABen eskaerei. Bildurekin negoziatu ostean, ordea, onartu egin dute, eta langileen erabakia errespetatzeko konpromisoa hartu dute, Garitanoren esanetan.
Aurreko egunetan asko hurbildu dira CCOOren eskariak eta kutxen eskaintza.Orain, baina, ELAren eta LABen eskaera onartuta, ikusteko dago negoziazioek zer bilakaera izango duten.
Kutxen bat egitea. Akordioa Bildurekin
Bat egitea ziurtatu du Bilduk
Akordio baten bidez gizarte ekintza bermatzea eta pribatizazioari «ateak ixtea» lortu dutela nabarmendu du GaritanokBilduren babesarekin, proiektuak beharrezko gehiengoa lortu du Kutxan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu