Bateratze hotza integrazio osoaren lehen urratsa dela dio Jaurlaritzak

EAJ, PSE, PP eta Confebask-ek egitasmoa txalotu dute; alderdi eta sindikatu abertzale eta ezkertiarrek zalantza gehiago dituzteBBK, Kutxa eta Vitaleko presidenteak Patxi Lopez lehendakariarekin bilduko dira gaur

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
BBK, Kutxa, eta Vital bat-egite birtual baten bidez elkartzeko egitasmoa luzera begirako prozesu baten abiapuntua baino ez da. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, «lehen urratsa» izango da hiru aurrezki kutxak integrazio oso batean bildu aurretik, «etorkizunean gertatuko dena». Bezperan iragarritako albisteak erreakzio andana sortu zuen atzo.

EAJk, PSE-EEk, PPk, Confebask patronala, edo CCOO sindikatuak, esaterako, bat-egite hotzaren aldeko jarrera garbia azaldu zuten. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren babesa du, eta gaur hiru aurrezki kutxetako presidenteak Patxi Lopez lehendakariari eta Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuari aurkeztuko diete proiektua.

Aldiz, zalantza gehiago agertu dituzte EA, Aralar, EB eta Alternatiba alderdiek, baita ELA eta LAB sindikatuek ere. Nortasun propioa eta izaera soziala galdu eta banku pribatu bihurtzeko arriskua sumatzen dute, eta, ñabardurak ñabardura, kutxa indartsu bat sortzeko bateratze osoa defendatzen dute.

Praktikan, bateratze hotzaren bidea babesten duten alderdiek eta sindikatuek proiektua aurrera ateratzeko gehiengoa badute BBK-ko eta Vital Kutxako batzar orokorretan. Egoera ez da hain argia Kutxan. Bat-egitea baimentzeko batzarraren bi heren alde izatea beharrezkoa da. Gipuzkoan kopuru horretara ez dira iristen EAJ, PSE-EE, eta PP, ezta CCOOren aldeko jarrera gehituta ere.

Hori dela eta, Kutxan gehiengoa ziurtatzeko giltza Hamaikabatek (H1) dituen hamahiru batzarkideen eskuetan egon liteke. Pello Gonzalez Gipuzkoako Ogasun eta Finantza ahaldun eta H1eko hautagaiak egoera hori azpimarratu zuen, baina oraingoz ez dutela «beto edo blokeo ideia» zabaldu nahi aurreratu zuen. Hala ere, Hamaikabat alderdiaren formularik gustukoena «hirutarako bateratze beroa» zitekeela gogorarazi zuen Gonzalezek.

Pribatizazioaren mamua

ELA eta LAB sindikatuek ez dute begi onez ikusten aurrezki kutxek hartu duten bidea. ELAko Igor Eizagirreren irudiko, finantza aktiboak eta langileak banku batean biltzeko asmoak «pribatizazioari ateak irekitzen dizkio». Horrek kutxen «mamia» aldatuko lukeela salatu zuen, «CAN eta Banca Civicarekin gertatu den gisara».

LABen irudiko, bateratzeak gizarte ekintza zokoratuko du, «eredu soziala ez delako helburua». Era berean, Espainiako interes eta beharren neurrira egindako ekimena dela uste du.

Aralarrek, berriz, akordioa «beste alderdiei bizkarra emanda» lortu izana aurpegiratu zien EAJ, PSE-EE eta PPri. EAk, bestalde, kutxa «benetan indartsua» lortzeko aukera egokia galdu dela adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.