LANBIDE ARTEKO GUTXIENEKO SOLDATA

Batez besteko soldataren %60 izatea eskatzen du Europak

Madrilgo gobernua salatu du batzorde batek, irizpidea ez betetzeagatik

joxerra senar
DONOSTIA
2003ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Maiz agintari ekonomikoek eta politikoek Europako Batasuna eredutzat hartu ohi dute neurriak ezartzerakoan eta defenditzerakoan, baina gutxieneko soldataren kasuan, Espainiakoa (eta Hego Euskal Herrikoa ere bai) motz geratzen da. Oso motz. Europako Batasunean gutxieneko soldata hori lege bidez ezartzen duten bederatzi herrialdeetatik seitan (Luxenburgon, Herbeheretan, Belgikan, Frantzian, Erresuma Batuan eta Irlandan)1.000 euro gordin baino handiagoa da.

Grezian, Espainian eta Portugalen salbu. Europako Gizarte Agiriak irizpidetzat ezartzen du herrialdeko batez besteko soldataren %60ra iritsi behar duela. Itun hori1961. urtean ezarri zuten eta, ondoren, 1996an berrikusi zuten. Agiria izenpetzen duten herrialdeetan gizarte eta ekonomia alorreko eskubideak bermatzeko helburua du. Eta bi kasuetan Espainiako Gobernuak onartu egin ditu agiriaren irizpideak: lehena 1980an, eta bigarrena, 2000. urtean. Irizpideok, ordea, ez dira inolaz ere betetzen.INE estatistika erakundearen iraileko datuen arabera, Espainiako batez besteko soldata 1.430,41 eurokoa zen, eta gutxieneko soldata gordinarekin alderatuz gero (526 euro hilean) Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren batez bestekoaren %36,77ra iristen zen. Euskal Herrian, berriz, batez besteko soldatak handiagoak dira: Euskal Autonomia Erkidegoan 1.724,65 eurokoa zen irailean, eta 1.585,48 eurokoa Nafarroan. Ondorioz, EAEn eta Foru Erkidegoan gutxieneko soldatak batez bestekoaren %30,5 eta %33,2 dira, hurrenez hurren.

Europako Gizarte Agiriak ezarritako irizpidetik aski urrun, beraz. Agiria izenpetu duten herrialdeek euren hitza bete ote duten ikuskatzen duen kontrol batzordeak errieta egin zion iaz Aznarren Gobernuari, «gutxieneko batez beteko soldataren %60ko mugatik oso azpitik baitago».

Ez dirudi, ordea, 2000an irizpideok betetzeko konpromisoa hartu zuen Madrilgo gobernuak jaramonik egin dionik. Batzordeak iaz egin zion ohartarazpena, baina PPk bereari eusten dio, eta urtero, 2004an ere bai, %2 igotzen segitzen du. Eduardo Zaplana Lan ministroaren aburuz, prezioak kontrolatzeko eta soldatak apal igotzeko xedea hartu dute kontuan, errenta hori jasotzen dutenen lepotik beti ere.

Eros-ahalmenaren galera

Ondorioa argia da. Soldata jasotzen duten langileen eros-ahalmenak, gorantz egin beharrean, nabarmen egin du behera. Langileen Estatutuak jasotzen du urtero soldatarik apalenek, gutxienez, prezioen garestitzearen pare igo behar dutela. Arau horri ere muzin egin dio Espainiako Gobernuak. Ondorioz, CCOOk eta UGTk aurten kaleratutako txosten baten arabera, bost urteren buruan, 1999tik 2003ra bitartean, gutxieneko soldata jasotzen dutenen eros-ahalmena %4,2 apaldu da Hego Euskal Herrian eta Espainian. Europan, beherantz egin du Irlandan eta Belgikan ere, %4,4 eta %0,7, baina bertako soldata apalenak Espainiakoa baino bi aldiz handiagoak dira, gutxienez.

Eros-ahalmenaren galera behin eta berriz salatu izan dute sindikatu guztiek. Gai honetan bat datoz aldarrikatzerakoan gutxieneko soldatak Europako Gizarte Agiriak ezarritako %60ra iritsi behar duela, batetik, eta bestetik, egun pentsioekin egiten den modura, inflazio tasa errealera egokitzeko mekanismo automatiko bat jaso beharko lukeela, gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.