Bazterketa sindikala salatuko du LABek etzi

Baionako manifestazioa 10:00etan abiatuko da, eta krisiaren ondorioak langileek pairatzen dituztela erranen dute

ENEKO BIDEGAIN
Baiona
2009ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
LAB sindikatuak beste sindikatuek Baionan antolatutako maiatzaren 1eko manifestazioan parte hartuko du, aurten ere. Baina beste modu batez. CGT, CFDT, FO, CFTC, CGC-CFE, Solidaires, UNSA eta FSU sindikatuen manifestazioa geltoki aitzinetik abiatuko da 10:00etan. LABena San Izpiritu zubiaren bestaldetik, Reduit plazatik. Beste sindikatuek LAB baztertzen dutela azpimarratuko dute gisa horretan, Amaia Fontang LABeko kideak azaldu duenez.

«Jendea manifestaziora joanen delarik, bidean gurekin egoten ahalko da solasean, mahaiak ere izanen ditugu». Gauza bera, manifestazioa berriz plaza hartarik pasatuko denean. Orain arte, manifestazioaren bukaeran egoten ziren, eta besteek ez zituzten ikusten. Aurten ere, manifestazioaren bukaeran ibiliko dira, baina, lehenik, beste manifestari guztiek ikusiko dituzte.

LABek jasaten duen diskriminazio hori salatu du Fontangek, gogora ekarriz azken hauteskunde sindikaletan 3.000 boz bildu zituztela, hirugarren indarra izanez. Diskriminazio horren kontrako ahotsak LABetik harago zabaldu dira. Maulen, Solidaires sindikatuak LABekin batera eginen du manifestazioa, 12:00etan. Beste sindikatuetako sindikalista batzuek petizio bat abiatu dute, LABen bazterketaren kontra.

Bazterketa egoera horren gainetik, «langile guztien arteko batasuna baitezpadakoa» dela dio LABek, krisi garai honetan, bereziki. «Krisia ez dugu langileek sortu, baina langileak ordaintzen ari gara», erran du Gorka Berasategi LABeko kideak. «Krisia sortu dutenak ari dira beren burua salbatzen», gehitu du. «Sistemaz baliatzen diren akziodun eta aberatsen» kontra mintzatu da Amaia Fontang, horien hautuen ondorioak «langileek patitzen» dituztelako.

ELBren deia

ELB laborari sindikatuak ere maiatzaren lehenean Mauleko eta Baionako manifestazioetan parte hartzeko deia egin du. «Lurra lantzen dugunek, langileen arrangurak partekatzen ditugu», dio «mundu zuzenagoa» aldarrikatzen duen sindikatuak. «Eskubieak eta aberastasunak orekatu behar dira, denen esku izan daitezen», dio ELBk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.