Kutxabanken epe luzeko zorraren kalifikazioa BBB mailan uztea erabaki du Fitch kalifikazio agentziak. Kutxabanken «aktiboen kalitatea», «kudeaketan izan duen ibilbide sendoa», xehekako finantzaketaren «oinarri zabal eta egonkorra» eta galerak barneratzeko gaitasuna nabarmendu ditu agentziak. Bere lehiakide askorekin alderatuta etxebizitzen eraikuntzara zuzendutako mailegu gutxiago dituela, eta haietan izan ditzakeen galerak «egoki» estali dituela ere esan du. Kutxabankek EBZren likideziarekiko menpekotasun txikiagoa izatea ere positibotzat jo du. Hori bai, Espainiako egoera ekonomikoa txarra delako eta langabezia handia delako «ikuspegi ezkorra» eman dio Kutxabanken zorrari; hau da, hurrengo batean rating-a aldatzekotan beherantz egingo duela ohartarazi dio.
Kutxabanken antzeko egoeran dago Laboral Kutxa ere, BBB kalifikazioari eutsi baitio. Euskadiko Kutxaren eta Ipar Kutxaren bateratzearen ondorioz sortutako finantza erakundeak ere «aktibo problematikoen hornikuntza egokia» du eta «likidezia parametro erosoak» ditu. Kapitalizazio maila ere «egokitzat» jo du Fitchek. Zehazki, %11ko kapitala du, 2013ko urtarrilaren 1az geroztik eskatzen duten %9ko gutxieneko mailatik gora. Berankortasun ratio txikiagoa du lehiakide gehienek baino: %6,95ekoa (%10,4 sektoreak).