Bi aurrezki kutxek gauza ugari partekatzen dituzte bankuan. Bi akziodun nagusiak dira (BBK %14,5ekin eta Kutxa %10ekin). Duela bost urte, defentsa-estrategiak bultzatu zuen BBK akzioak erostera, Bizkaiko merkatuan lehiakide gehiago sartzea eragotzi nahi baitu. Kutxa, berriz, aspalditik da akziodun. Bi aurrezki kutxek ez dute ordezkaririk administrazio kontseiluan, Espainiako Bankuak galarazi egiten baitie. Haatik, finantza inbertsio garrantzitsua da bata zein bestearentzat, urtero dibidendu oparoak banatzen baitizkie Guipuzcoanok.Kutxak eta BBK-k irmo ukatu zuten Royal Bankek eta Credit Agricolek eskaintzarik egin dietela, eta are gutxiago akzioak salduko dituztela. «BBK-k bankuan duen partaidetza ez du saltzeko inolako asmorik», zioen batek. «Kutxak ez du salgai partaidetza, eta ez du salduko ere», zioen besteak. Bankuak laster kapitala zabaldu egingo du, etatitulu berriak harpidetzeko asmoa azpimarratu zuten biek ala biek, beti ere «Espainiako Bankuak baimendutako mugara arte».
Bankuak ez daki ezer
Credit Agricole eta Royal Bank of Scotlanden interesa piztu ei duen protagonistak, berriz, ez zekien inoren jomugan egon daitekeenik. Efe berri agentziari Banco Guipuzcoanoako iturriek adierazi zioten ez dakitela ezertxo ere atzo zabaldutako informaziori buruz. Hala ere, erakunde batzuk bankua erosteko nahia izan dezaketela uste dute: «Emaitzen kontuak, balantza,eta merkatuan duen izen ona ikusi besterik ez dago interesgarria dela zehazteko».
Royal Bank of Scotland eta Credit Agricole, berriz, isilik egon zirenatzo. Biak ere finantza erakunde garrantzitsuak dira. Royal Bankek 75.600 milioi euroko kapitalizazioa du eta Erresuma Bankuko bigarren bankua da. Orain gutxira arte, Santander taldearekin lankidetza harremena izan du, baina Emilio Botin buru duen taldeak Abbey erosi zuenetik, Espainiako eta Euskal Herriko merkatuan indartzeko asmoak dituela uste da. Expansion egunkariaren arabera, horregatik du Guipuzcoano erosteko asmoa.Credit AgricoleFrantziako hirugarren bankua da eta 31.000 milioi euroko kapitalizazioa du.Euskal Herrian, mugaren bi aldetara da ezaguna. Iparraldean bulegoak ditu, eta Hegoaldean Bankoa finantza erakundearen gaineko kontrola du. Guipuzcoano erosiz gero, merkatuan indartzeko aukerak emango lizkioke. Era berean, Espainiako merkatuan sartzeko aukera emango lioke, Madrilen eta Valentzian bulegoak baititu Guipuzcoanok.Bankua erosteko aukera, ordea, urrun ikusten du Francisco Salvador Venture Finanzas sozietateko inbertsiogileak: «Guipuzcoano txikiegia da sektoreko multinazional handiak erakartzeko, eta uste dugu Euskal Herriko aurrezki kutxak ez daudela prest partaidetza saltzeko. Informazioa ez da oso sinesgarria, atzerriko bankuek Espainian merkatu kuota irabazi nahi badute banku handiago baten atzetik joan beharko liratekeelako. Bankinterren atzetik, adibidez».
-
Datua
7,22
Atzoko informazioak hauspotuta, Banco Guipuzcoanoko tituluen kotizazioak %7,22 egin zuen gora atzo burtsan, eta 8,11 euroko prezioan amaitu zuen. 68.811 euro salerosi ziren guztira, ohiko bolumena baino sei aldiz gehiago.