FInantzak

BBK eta Vital zigortu dituzte, elkarri lehia ez egiteagatik

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin ditu Auzitegi Nazionalak jarritako isunak: BBK-k hiru milioi eta erdi pagatuko ditu, eta bi milioi Vitalek.

Iker Aranburu.
2013ko uztailaren 23a
19:32
Entzun

Kutxek bat egin eta bi urtera, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du elkarren artean lehia ez egiteagatik Auzitegi Nazionalak jarritako zigorra. BBK-k 3,5 milioi euroren isuna ordaindu beharko du, eta bi milioirena, berriz, Vital Kutxak. Auzibide horretan zigorrak jaso zituzten Gipuzkoa Donostia Kutxak eta Nafarroako Kutxak ere, baina haien helegitearen emaitza ez da artean iritsi. Besteak bezala atzera botako dutela espero du Kutxabankek. Bankuak itxitzat jo du auzia, eta isunak ordainduko dituela baieztatu du. Diru hori aspaldi zuten baztertuta erakundeek, eta ez du, beraz, ondoriorik izango aurtengo emaitzetan.

2005eko urriaren 24an hasi zen auzia. Orduan, egun Lehiaren Babeserako Ikerketa Zuzendaritza denak espedientea ireki zien BBKri, Kutxari eta Vitali, elkarri lehia ez egitea hitzartu zutela uste zuelakoan. 2005eko abenduan Nafarroako Kutxa ere kontu horrekin lotu zuen. Euskal Herriko Kutxen Konfederazioan zeuden nolabait batuta lau kutxak, eta besteen probintzietan bulegorik ez zuten irekitzen. Beste lurralde batzuetan, ordea, bazegoen elkarren arteko lehiarik, hala nola Katalunian, Madrilen Aragoin, Errioxan edo Valentzian.

Espainiako Lehiaren Batzorde Nazionalak frogatutzat jo zuen 1990-2005 epean kartel bat osatu zutela, eta 24 milioi euroko isuna ezarri zien: zazpina milioi BBK-k eta Kutxak, sei CANek eta lau Vitalek. Isun horri helegitea jarri zieten lau erakundeek, eta gogor ukatu zuten paktua zegoela. Baina, aldi berean, ondoko lurraldeetan bulegoak irekitzen hasi ziren, CANek batik bat.

2009ko azaroan, Auzitegi Nazionalak zigorra erdira jaitsi zien erakundeei. Isuna «gehiegizkoa» zela eta hari ere helegitea jarri zieten kutxek. Azken asteotan iritsi diren Gorenaren bi epaiek, ordea, Auzitegi Nazionalak dioena berretsi dute. Goi auzitegiko epaileek frogatutzat jo dute lau kutxek «lurraldeko statu quo-a» gorde nahi zutela, eta beste lurraldeetako hedapena ere koordinatu zutela. Gainera, Gorenak dio informazioa trukatu zutela politika estrategiko eta komertzialei buruz, txartelei ezarri beharreko komisioei buruz, eta gordailuei eta beste produktu batzuei buruz. Kartelik ez du ikusten,  baizik eta enpresen arteko kooperazio estrate-
gikoa, «merkatuak modu jasangarri batean egonkortzeko, aipatutako erakundeen balizko fusio bati begira».

Kutxa automatikoak itsuentzat

Bi urterako akordio bat izenpetu zuen atzo Kutxabankek ONCE Espainiako itsuen elkartearekin. Horren bidez, urtea amaitu aurretik bere kutxa automatikoen sarea itsuentzat edo ikusteko ezintasuna duten pertsonentzat espreski egokituko du bankuak. Ahots bidez egin ahal izango dituzte hainbat operazio. Aukera hori badute dagoeneko Gipuzkoako bulegoek eta Bilboko eta Gasteizko egoitza nagusiek. Telefono eta Internet bidezko zerbitzuak ere itsuentzat eskuragarri izateko baliabideak garatuko dituela ziurtatu du Kutxabankek. 

Akordioaren beste atal bat ONCEren jokoen sariei dagokie. Horrela, 2.500 euroz azpiko saria jasotzen dutenek Kutxabankek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen edozein bulegotan automatikoki jaso ahal izango dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.