BBK-k 257,8 milioi irabazi zituen iaz, %10,7 gutxiago

Cajasur erosi ondoren %10,3ko kapitala lortu du taldeak, Madrilek gaur exijituko duen mugatik gora

Erredakzioa
Bilbo
2011ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Bat-egite hotz edo beroei buruzko zurrunbiloetatik harago, BBK emaitza onei eusten ari da. Joan den urtean 257,8 milioi euro irabazi zituen. Aurreko urtean baino 32 milioi gutxiago da hori (-%10,7), baina, kutxak nabarmendu duenez, aparteko gertakarien aurrean babesteko jarritako ehun milioitik gorako ekarpenei zor zaio jaitsieraren zati bat.

Beste finantza erakundeei bezalaxe, interes tasa txikiek interes marjinak ia %30 murriztu dizkio BBKri ere. Baina hori konpentsatu ahal izan du industrian dituen partaidetzek %25,9 diru gehiago eman diotelako. Horien artean nagusiena Iberdrola da, eta datorren ostegunean jakinaraziko ditu bere emaitzak.

Maileguen berankortasunari ere eustea lortu du Bizkaiko kutxa nagusiak: abenduaren 31n maileguen %2,57 zituen atzeratuta, 2009ko %2,49tik oso gertu. Kutxen sektoreko daturik onenetakoa da hori. Mailegu horien estaldura %110eraino igo du.

Cajasurren erosketak kapitalean galera eragin dio BBK taldeari, baina gaur Espainiako Gobernuak kutxei eskatuko dien gutxieneko %10en gainetik geratuko da; %10,3an, hain zuzen ere. Gainera, BBK-k ziurtatu du aurten bertan irabaziak emango dizkiola Kordobako kutxak eta haren inbertsio arriskutsuengatik gal ditzakeen milioi guztiak estalita dituela, «FROBen laguntzarik eskatu gabe». Aurten kapital hori handitzeko asmoa du Mario Fernandez buru duen taldeak, %11,2ra. BBK-k berak %16,8ko oinarrizko kapitala du, sektoreko handiena.

EAJ haserre Agirrerekin

BBK buru izango lukeen euskal kutxa batzuen fusioari buruzko ika-mika politikoa ez da baretu. Kontrara, EAJk oso haserre hartu ditu atzo Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak kutxa lege berriaren proiektuari buruz eman dizkion azalpenak. «Onartezina eta alderdikoia da esatea lege berriaren helburua hauteskunde sistema aldatzea dela eta horren bidez PSEk eta PPk kontrol politikoa lortuko dutela». EAJk uste du Agirre agerian geratu dela eta sozialisten asmoa ez dela kutxen etorkizuna bermatzea, «baizik eta politikoki kontrolatzea». PSEk eta PPk «estatuko kutxa gehienak porroteraino eraman duen eredua zabaldu nahi dutela diote jelkideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.