BBK-k 259,5 milioi euro irabazi ditu, iaz baino %0,5 gehiago

Negozio bolumena 48.596 milioi eurokoa izan da lehen bederatzi hilabeteetan, iaz baino %8,1 gehiago

jakes goikoetxea
Donostia
2009ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Mario Fernandez BBK-ko presidenteak behin eta berriro errepikatzen du BBK inguruko aurrezki kutxak baino sendoagoa dela. Ez dira hitz hutsak. Zenbakiek hala baieztatzen dute: aurtengo urrira arte 259,9 milioi euro irabazi ditu, iaz garai berean baino %0,5 gehiago. Ez da gutxi.

Neurgailu gehienetan hobera egin du. Kutxaren negozio bolumena 48.596 milioi eurokoa izan da, iaz baino %8,1 gehiago. Bezeroen baliabideak %11 hazi dira, gordailuen hazkundeagatik batez ere: egituratutako gordailuak %110 gehiago, eta eperako gordailuak eta pentsio planak bateratzen dituzten produktuak %73,2.

Okerrera egin duen aldagaietako bat berankortasun tasa izan da. Jende askok gero eta zailtasun gehiago ditu maileguak itzultzeko edo garaiz bueltatzeko. Finantza erakunde guztietan ari da handitzen berankortasun tasa. BBKn bikoiztu egin da iaztik, lehen %1,16zena %2,36ra da orain, baina sektoreko batez bestekoaren erdiaren azpitik dago. BBK-k berak nabarmendu du berankortasun tasaren hazkundea kontrolpean duela. Zalantzazko aktiboei aurre egiteko duen gaitasuna, estaldura indizea, ia %95ekoa da.

Aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan BBK-k aurrekontu osoaren %55 jarri du gizarte ekintzan. Aurten 102 milioi euro gastatuko ditu gizarte ekintzan.

Guipuzcoanok 30 milioi euro

Banco Guipuzcoanok 30,3 milioi euro irabazi ditu aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan, iaz baino %26 gutxiago. Ohiko diru sarreren bilakaera «oso ona» dela dio. Banco Guipuzcoanok onartu du dirua gorde behar izan duela, ordaindu gabeko maileguei aurre egiteko, eta etxegintzako aktiboak txukuntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.