BBK-k 289 milioi euro irabazi ditu, erreserbetan 200 milioi gorde arren

Kaudimenari eustea lortu du, hipotekak handitu egin ditu eta inoiz baino gehiago jarri du gizarte ekintzan

Iker Aranburu.
Donostia
2010eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Euskal kutxen artean orain arte emaitzarik onenak haien arteko handienak eman ditu; BBK-k, alegia. Atzo jakinarazi zuenez, 289 milioi irabazi zituen 2009an, aurreko urtean baino %14,8 gutxiago. Beste kutxek bezalaxe, BBK-k ere zuzkidurak handitu ditu, hau da, diru erreserbak ugaldu ditu, aurten eta datozen urteotan zenbait maileguk arazoak sortzen badizkiete haiei aurre egiteko.

Zehazki, BBK-k 221,2 milioi bideratu ditu erreserbetarako, aurreko urtean baino %22,6 gehiago, Bizkaiko kutxak berak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Antzeko kopurua gorde dute Euskadiko Kutxak -205 milioi- eta Gipuzkoa Donostia Kutxak ere -200 milioi-. Portzentualki, ordea, bada alderik, BBK-k Euskadiko Kutxak ia halako sei eta Kutxak ia halako hiru irabazi baitu.

«Zuhurtziazko politika horren bitartez, BBK-k bermearekin aurre egin ahal izango dio 2010. eta 2011. urteetako krisialdiari, eta Gizarte-ekintzako ekarpenen maila egokia izatea bermatuko du, gainera», nabarmendu du BBK-k.

2009an «ziklo ekonomikoaren aldaketa sakona» gertatu izanagatik, Bizkaiko kutxaren tarteguztiek gora egin dute, interesena batez ere (%21,5). BBKren ondare garbia %5,4 hazi da, eta 4.123 milioi eurora iritsi da. Kaudimena iaz baino hamarren gutxi batzuk hobea da (%21,5), eta %14,5eko TIER 1 kapitalari ere eutsi dio. Biak ala biak «finantza sistema osoko onenak» direla esan du BBK-k.

Maileguen berankortasuna handitu egin zaio BBKri ere, eta %2,49ra iritsi da. Hala ere, datu hori lehiakide ia guztiena baino txikiagoa da, eta CECAkokutxen batez bestekoaren erdia baino txikiagoa. Zuzkiduretan egindako ekarpenari esker, maileguen estaldura %100,3an dago. Kaudimen ezari aurre egiteko funtsak %125eko estaldura dauka, hornidura antizikliko horrentzat ezarritako maila gorena.

Maileguak eta gordailuak gora

Iaz bezalaxe, BBK-k ziurtatu duez duela maileguen iturria itxi. Kontrara, etxebizitza erosteko maileguak 2008an baino %6,1 gehiago izan dira, eta enpresa txiki eta ertainei emandakoak %3,8 hazi dira. Enpresa handien kredituei buruz, ordea, ez dio ezer BBKren oharrak.

Krisi garaian ohikoa denez, herritarren aurrezkiak gora egin du, eta horri esker kutxaren gordailuak %14,2 hazi dira.

BBKren negozio bolumena ere hazi da, eta horri esker gizarte ekintza ere hamar milioi eurotik gora handitu du: 91,2 milioi 2008an, eta 101,9 milioi iaz. BBKren historiako kopururik handiena da, eta «horren bitartez Estatu osoan gizarte esfortzu handiena egin du bere tamainarekiko». Azken hamar urteetan 712 milioi euro bideratu ditu BBK-k gizarte ekintzara, bere aktibo osoen %2,48. «Alorraren batez bestekoa baino bi aldiz baino gehiago». BBKren Gizarte-ekintzak 51 zentro propio kudeatzen ditu, eta beste 121 zentro lankidetzan.



Emaitzak

2008 2009

Irabaziak . 339. 289


Negozio bolumena. 46.456. 48.347


Gizarte ekintza. 91,2. 101,9


Eraginkortasuna. %39,76. %39,56


Kaudimena. %21,2. %21,5


Berankortasuna. . %2,49


Maileguen estaldura. . %100,3
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.