BBK-k Gipuzkoan irekiko ditu bulegoak lehen aldiz, Eibarren eta Zarautzen

Erakundea EAEko «erreferentziazko aurrezki kutxa» izateko «beste urrats bat» dela dio BBK-k

Mikel Carramiñana.
2009ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Urtea amaitu aurretik Hegoaldeko lau herrialdeetan izango ditu bulegoak Bilbao Bizkaia Kutxak. Gipuzkoan izan ezik, gainerakoetan zegoen BBK orain arte, baina Eibarren bulego bat eta Zarautzen beste bat irekiko duela iragarri zuen atzo finantza erakundeak. Dagoeneko, lokalak erosi dituztela baieztatu dute, martxan noiz jarriko dituzten zehaztu ez badute ere.

Gipuzkoa «hazteko aukera eskaintzen duen merkatua» dela esan zuen atzo BBK-k. Lurraldearekin duten «ukaezinezko kidetasun kultural eta soziala» nabarmendu eta «antzeko finantza ohiturak» ere badituztela gaineratu zuen Bilboko erakundeak. Era berean, gipuzkoarren artean «aurrezkiaren kultura nagusi» dela eta per capita errenta altua dela gogorarazi zuten.

Bulego berriekin, «Euskadiko erreferentziazko aurrezki kutxa» izateko «beste urrats bat» egin asmo dutela dio BBK-k. Helburu horri eutsiko ziotela agindu zuen Xabier Irala BBK-ko presidenteak iazko abenduan, Kutxarekin bat egiteko prozesua bertan behera gelditu zenean.

Uztailetik aurrera erakundeko presidente berria izateko hautagai Mario Fernandezek, halaber, krisia gainditzea lehenetsi du bat egiteari buruz berriz hitz egin aurretik.

Bulego sareak zabaltzen

Hamabost urtez, 1990etik 2000era, Hegoaldeko aurrezki kutxek ez dituzte bulegoak berea ez den gainerako euskal lurraldeetan ireki. Horretarako itun bat sinatu izana leporatu zien BBK, Kutxa, Vital eta CAN Nafarroako Kutxari Espainiako Lehiaren Batzordeak 2007an.

Urteotan, alabaina, guztiek ekin diote aurkarien eremuan bulegoak sortzeari. BBK-k lau bulego ditu Nafarroan eta hiru Araban. Kutxak, berriz, hamar bulego ditu Nafarroan, bi Lapurdin eta beste bat Araban. Vitalek bakarra dauka Arabaz kanpoko euskal mugen barne, Nafarroan. CAN izan da bere sarea beste hiru lurraldeetara zabaltzeko apusturik garbiena egin duena. 2006tik 30 bulego ireki ditu Bizkaian, 17 Gipuzkoan eta 13 Araban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.