BBK-k ordubete behar izan du merkatuetan mila milioi biltzeko

Hipoteka zedulak jaulki ditu eta eskatutakoaren ia halako lau eskaini diote inbertitzaileek

Erredakzioa
Bilbo
2009ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Gobernuak ez ezik, hainbat enpresa, banku eta aurrezki kutxaere diru bila ari dira finantza merkatuetan. Horien artean, BBK. Atzo jakinarazi zuenez, ordubete baino gutxiago behar izan zuen mila milioi euroko hipoteka zedula merkatuan saltzeko.

Bilbo Bizkaia Kutxak arrakastatzat jo du inbertitzaileen erantzuna, eta halako operazioak normalean finantza erakunde handiek soilik egiten dituztela nabarmendu du. «BBKren sendotasunak izen ona duela erakusten du, eta gure likidezia indartzeko balio izan du», ziurtatu dute kutxako bozeramaileek.

BBK-k, azaldu duenez, 3.700 milioi euro arteko eskaerak jaso ditu. Hau da, eskaini duen euro bakoitzeko ia lau euroko eskaera izan duela.

Guztira 150 inbertitzailek azaldu dute interesa: Alemaniakoak izan dira horien %28 eta Danimarka, Herbehereak eta Frantziakoak ere ugari izan dira.

Hipoteka zedulak errenta finkoko tituluak dira, eta banku edo aurrezki kutxa baten mailegu hipotekarioek edo balantzeak berak bermatzen dituzte. Segurtasun handiko finantza produktutzat jo ohi dira. BBKrenari, esaterako, Aaa kalifikazioa eman dio Moody's rating agentziak, ematerik duen handiena.

Europako Banku Zentrala bera ere aritu da udaz geroztik hipoteka zedulak erosten, merkatua nahiko geratuta zegoelako eta bankuen finantzaketarako garranatzi handia dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.