Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrezki kutxen bat-egiteak pauso handia eman du gaur, Vital Kutxako (Araba) eta BBK-ko (Bizkaia) batzarrek baiezkoa eman diotelako arratsaldean. Ehun lagunek osatzen dute batzarra kutxa bakoitzean, eta BBK-koan haietatik 92k bozkatu dute alde (EAJ, PSE-EE, ezker abertzalea, PP eta CCOO-Euskadiko ordezkariek). Kontra, seik: EB (bi), Aralar (bat), ELA (bi) eta LABeko (bat) ordezkariek. Bi batzarkide ez dira izan bozketan.
LAB atzo hiru kutxetako zuzendaritzek eta Bildu koalizioak astearen hasieran lortutako hitzarmenaren alde agertu zen, baina gaur aurka agertu da BBK-ko batzarrean, lan baldintzetan akordiorik ez dagoelako oraindik.
Vitaleko batzarrean 90 ordezkari azaldu dira alde (EAJ, PSE, ezker abertzalea, PP, CCOO-Euskadi eta langile independenteak), eta bi kontra (ELA). Hiru abstentzio izan dira (Plataforma Kulturaleko bi eta LABeko bat), eta bost ez dira bozketan izan.
Kutxak (Gipuzkoa) datorren astean egingo du batzarra.
BBK-k, Kutxak eta Vitalek bat egin eta Kutxa Bank sortuko dute, baina "banku soziala" izango da, Xabier Iturbe Kutxako presidenteak atzo Andoainen Martin Ugalde Foroan esan zuenez.
Bilduk asteartean esan zuen akordioan entitate berriak jabetza publikoa izango duela bermatu dutela eta irabazien %30 beti bideratuko da Gizarte Ekintzara eta ez hasieran aurreikusi bezala, soilik lehen hiru urteetan.
ELA "atsekabetuta" dago Bilduk kutxekin sinatu duen akordioarekin, "ez baitu bermatzen, inola ere ez, negoziaziorako euskal eremua". Sindikatuarentzat "paradoxa" da Bildurekin akordioa lortu arren, zuzendaritzek Espainiako negoziazio kolektiborako eremuaren alde egitea.