Xabier Irala (Nueva York, 1947) BBK Bizkaiko aurrezki kutxaren presidenteak gaur jakinarazi du kargua utzi duela. Administrazio kontseiluko kideei eman die albistea, baita ingurukoei ere. Osasun arrazoiengatik lagako du, berak esan dienez. Hedabideen aurrean 13:20ean egindako agerraldian berretsi egin du erabakia.
Uztailean izendatuko du BBK-k haren ordezkoa, batzarrean. Iralak berak izen bat proposatuko duela adierazi du, eta ez duela baztertzen hori politikaria izatea.
2003an hartu zuen BBK-ko presidente kargua, Iberiako hegazkin enpresakoa utzita -1996tik egon zen hor-. Jose Ignacio Berroetaren lekua hartu zuen BBKn -erretiroa hartu zuen Berroetak-.
Iralak joan den urtarrilean emandako datuen arabera, BBK-k 339 milioi euro irabazi zituen 2008an, duela bi urte baino %10,2 gehiago.
Haren helburuetako bat Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrezki kutxen bat-egitea lortzea zen eta, BBK-ko batzarra alde azaldu zen arren, Vital Kutxako (Araba) zuzendaritza aurka agertu zen eta Kutxako (Gipuzkoa) batzarra ere bai joan den azaroan. Iralaren ustez, bat-egite hori prestatuta dago eta hori erdiestea alderdi politikoei dagokie.
Ingeniaria da ikasketez eta, besteak beste, Euskaldun Unibertsalaren saria jasotakoa da, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak emanda. Aurtengo martxoaren 1eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Juan Jose Ibarretxe EAJko hautagaiaren aldeko botoa eskatu zuen.
EkoNOMIA
BBK-ko presidenteak kargua uztea erabaki du
Xabier Iralak berak eman die albistea gaur administrazio kontseiluko kideei. Osasun arrazoiak aipatu ditu. 2003tik izan da Bizkaiko aurrezki kutxaren buru. Uztailean izendatuko du BBK-k haren ordezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu