Moody's rating agentziak Hego Euskal Herriko lau finantza erakunderen kreditu kalifikazioa murriztu duela jakinarazi zuen atzo. BBK, Vital Kutxa, Euskadiko Kutxa eta Nafarroako Rural Kutxari eragingo die erabakiak. BBVA eta Bankoa bankuek, berriz, orain arte zuten mailari eutsiko diote.
Kasurik deigarriena Bizkaiko aurrezki kutxari dagokio. BBKren luzera begirako zorrari ezarritako kalifikazioa Baa3 izango da, orain arte baino bi maila gutxiago. Baa3 da, gainera, Moody'sek inbertitzeko egokiak jotzen dituen kalifikazioetatik azkena. Hurrengo maila, Ba1, inbertsio espekulatiboen edo zabor bonuen artean sailkatzen du. Hots, kreditu kalitate zalantzazkoa eta arrisku nabarmena duten inbertsioak lirateke.
Moody'sen erabakia ikusita, BBK-k finantza kaudimen «sendoa» duela azpimarratu du, CNMV merkatu ikuskatzaileari igorritako oharrean. Hala, CajaSur irentsi eta gero, Fitch rating agentziak A kalifikazioari eutsi ziola nabarmendu du. Era berean, Espainiako Bankuak finantza erakundeen kaudimena neurtzeko egindako proban oinarrizko kapital ratioa (core capital) %12,3 izan zuela gogorarazi du; lege berriek eskatzen duten %10etik gora, nabarmen.
Ez da bi mailako murrizketa jaso duen erakunde bakarra. Euskadiko Kutxari dagokionez, A maila galdu du, eta Baa2 maila jarri dio agentziak. Nafarroako Rural Kutxak eta Vital Kutxak A2 kalifikazioa izango dute aurrerantzean. Horrek egoera erosoagoa ematen die, dirua itzuliko ez dutela pentsatzeko aukera gutxi daudela egiaztatzen duelako.
Zalantzazko erabakia
Guztira, Hego Euskal Herriko eta Espainiako 30 aurrezki kutxa, kreditu kooperatiba eta bankuren balorazioa jaistea erabaki du Moody'sek. Funtsean, Espainiako Gobernuaren zorraren kalifikazio murrizketaren ondorioz hartutako neurria dela ziurtatu du agentziak.
Hautsak harrotu ditu erabakiak. Hiru erakunde —Banco Pastor, Catalunya Caixa eta Banco de Valencia— zabor bonuen atalean erori dira, eta horrek zailago eta garestiago egingo die finantzatzea.
Krisiaren barnean rating agentziek egin duten lana auzitan jarri izan da. Standard & Poor's (S&P), Moody's, eta Fitch agentziek merkatu hori kontrolatzen dute ia osorik.
BBKren kalifikazioa bi maila jaitsi du Moody'sek
Vital, Euskadiko Kutxa eta Nafarroako Rural Kutxaren kreditu maila ere murriztu du rating agentziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu