BBVAk 6.500 milioi euro gorde eta %16 gutxiago irabazi du

4.210 milioi euroko etekin garbia izan du eta berankortasun tasa bikoiztu egin du ia, %2,3tik %4,3ra

jakes goikoetxea
Donostia
2010eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Latza dator 2010a finantza erakundeentzat. Hala uste dute,behintzat: irabaziak argaldu eta erreserbak gizentzen ari dira. Hala egin dute Kutxak eta Euskadiko Kutxak, eta hala egin du BBVAk ere: iaz 4.210 milioi euro irabazi zituen, 2008an baino %16,1 gutxiago. BBVAk 6.572 milioi euro gorde ditu kontuak txukuntzeko, dotazioetarako eta bestelako ezohiko premietarako. Diru hori aintzat hartu gabe 5.260 milioi euro irabazi zituen iaz, 2008an baino %2,8 gutxiago. Jaitsiera %92koa izan da iazko azken hiruhilekoan.

Bankuak jarrera hori hartu du «2010erako espero den testuinguru konplikatuari hobeto aurre egiteko». Angel Cano kontseilari ordezkariaren esanetan, zalantzazkotzat hartu dituzte oraindik zalantzazkoak ez diren mailegu batzuk, etor daitekeenari aurre egiteko: «Gai hori konponduta utzi nahi izan dugu, taldea krisirik egongo ez balitz bezala kudeatzeko». Uste du 2010a gogorra izango dela, baina ez 2009a baino gogorragoa.

Dirua, neurri handi batean, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) zuloa estaltzeko erabili dute. BBVAk 1.071 milioi euro galdu ditu AEBetan; 2008an, aldiz, 211 milioi euro irabazi zituen.

Krisiaren eragina argi ikusten da BBVAren emaitzetan. Berankortasun tasa ia bikoiztu egin da urtebetean: 2008an %2,3 izan zen, eta orain %4,3 da, iaz bezala. Ordaindu gabe gera daitezkeen zorrekiko estaldura, berriz, %92 zen lehen eta %57 orain.

BBVAk 2008an baino diru gutxiago eman zuen maileguetan iaz: 332.162 milioi euro guztira, 2008an baino %3,1 gutxiago.

LABen salaketa

LABek nabarmendu du BBVA desegiten ari dela Euskal Herrian duen egitura. Sindikatuaren esanetan, iaz 5.251 lanpostu galdu ziren Euskal Herrian. Horrez gain, gehitu du BBVAk handitu egin duela zerga paradisuetako negozio bolumena: 12.628 milioi eurokoa zen, «gobernuek beste aldera begiratzen zuten bitartean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.