Beasaingo istripuaren errua zuzendaritzari egotzi dio CAFeko enpresa batzordeak

Antonio Urkola 45 urteko langilea hil egin da, bi garabi artean harrapatuta geratu ondoren

Erredakzioa
2009ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Antonio Urkola Tolosa 45 urteko langilea hil egin zen atzo goizean, CAFek Beasainen duen lantegian (Gipuzkoa). Enpresa batzordearen arabera, langilea garabi matxuratu bat konpontzera zihoala, beste garabi batek jo egin zion eta hil egin zuen. Langileen ordezkariek enpresari egotzi diote istripua, aurretik leku horretan antzeko ezbeharra gertatzeko arriskua zegoela ohartarazi baitzuten.

Urkola Andoaingoa zen, eta Taller Mecanico Añi-ko langilea. Azpikontratutako enpresa horrek mantentze lanak egiten dituCAFentzat.

Enpresa batzordearen arabera, garabi bat matxuratu egin zen tratamendu termikoko gunean, eta mantentzekoek Urkola bidali zuten. Langilea garabira igotzen ari zela, martxan zetorren beste garabi batek jo eta konpontzera zihoan garabiaren artean harrapatu zuen. Arnesa jarrita izan arren, plataforma batera erori zen.

CAFeko prebentzio ordezkariek salatu dute istripua gertatu den lekuaren diseinua «aspaldidanik» jo zutela arriskutsutzat Lan Osasuneko batzordean edo azpibatzordeetan. Horregatik, enpresako zuzendaritzari egotzi diote heriotzaren erantzukizuna.

Istripua gertatu eta berehala lana eten egin zuten CAFeko Beasaingo lantegian, baita Irungoan ere. Gaur goizean bilduko dira CAFeko sarrera nagusian, Beasainen, protesta egiteko.

LABek nabarmendu du hildako langileak azpikontratatu batentzat egiten zuela lan: «Prekarietateak eta azpikontratazioak lan eskubideen galera dakarte, eta horrek lan istripuak eragiten ditu». Sindikatu abertzaleak aldaketa soziala, ekonomikoa eta politikoa eskatu du, lehentasunalangileen osasuna izan dadin, eta Eusko Jaurlaritzari exigitu dio neurri egokiak har ditzan «odolustea» amaitzeko.

UGTk ere deia egin dio Lan Sailari segurtasun neurrien gaineko kontrola zorroztu dezan, batez ere hainbat enpresek lan egiten duten fabriketan koordinazio arazoak sortzen direlako.

Enpresa nagusiaren eta azpikontratatuen arteko koordinazioan legeak dioena betearazteko eskatu dio Jaurlaritzari CCOOk ere, eta ziurtatu du Beasaingo enpresan istripuak eragozteko protokoloa ez dela bete, besteak beste, eskatzen duelako langile bat garabian dagoenean beste batek kontrolatzea makinaren inguruan inor ez dagoela.

LABen arabera, dagoeneko hamabost lagun hil dira aurten Euskal Herrian lanean ari zirela edo lanerako bidean zihoazela. Joan den asteartean bi langile zendu ziren: Jon Ander Usabiaga 27 urteko ordiziarra Etxalarren hil zen, N121-A errepideko lanetan eraikitzen ari ziren zubia erorita. Nafarroako Lekaunen, berriz, Viscofaneko langile bat hil zen auto istripuz, Kasedako fabrikara zihoala. Iaz 125 behargin hil ziren, LABen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.