Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokan asteartean istripu hilgarria izan zuen enpresari, Alcresari, beste behargin bat hil zitzaion joan den urtean, antzeko ezbehar baten ondorioz. Osalanetik azaldu dutenez, bi kasuetan plataforma altxagarri batean ari ziren lanean zendutako hiru beharginak.
Joan den urteko martxoaren 15ean C.P.V. gaztea aldamio bat finkatzen ari zen Barakaldoko Nicolas Larburu Institutuaren atzealdean. Bat-batean, metalezko pieza handi bat erori zitzaion bularrera, eta zerraldo erori zen. Herenegun, berriz, 29 urteko F.A.T. eta 31 urteko L.A.B. G. plataforma baten gainean ari ziren lanean, Barakaldoko erakustazokako sarrera nagusian. Plataforma goitik behera erori zen, eta biak 22 metroko altueratik erori ziren.Istripuaren ondotik Osalanek ikerketa zabaldu zuen, eta gauza bera egin zuen Lan Ikuskaritzak. Ez zioten Alcresa enpresari inolako isunik ezarri. Izan ere, gertakariak aztertu eta zigor-zuzenbidera jotzea erabaki zuten; ondorioz, bertan behera geratu ziren ekinbide administratiboak. Legearen arabera, auzitegiak zigorrari buruz erabaki bat hartu bitartean bide administratiboa ezin da erabili. Aitzitik, auzitegien epaia edozein izanik ere bada ekinbide horiek berriro martxan jartzeko aukera.Astearteko ezbeharren aurretik sindikatuek enpresa salatu zuten. CCOOk, hain zuzen ere, prebentzio neurrien faltaz ohartarazi zuen joan den abenduan.
«Prebentzio hutsa» izan dela uste du Osalanek
Osalanek dagoeneko ikerketa zabaldu du, eta istripuaren arrazoiei buruzko lehenbiziko hausnarketak baditu esku artean. Orain arte bildu dituen datuen arabera, bi dira hipotesi nagusiak, beste batzuk baztertu gabe.
Alde batetik, makinak eginiko akatsa egongo litzateke. Plataformako egituran noraino igo daitekeen kontrolatzeko dauden sensoreek huts egin, eta segituan plataforma erori zen. Bestetik, pertsonek eginiko hutsa legoke. Kasu horretan, plataforma altxagarria garraiatzen duen dorreko azken modulua gaizki loturik egon zitekeela uste dute ikertzaileek, eta horrek plataforma eta bi langileak erortzea eragin zuela.Oraindik ardura norena den esateko arinegi dela azaldu du Ignacio Murgiak, Osalaneko zuzendariak, baina aurrez egin beharreko lana ez zela behar bezala bete agerikoa dela ohartarazi du: «Istripuaren zergatiak azaltzeko goiz da, baina, hipotesi batean nahiz bestean, prebentzio arazo bat egon da». Ikerketa egin bezain pronto Lan Agintaritzaren eta epaitegien esku utziko du Osalanek. Epaitegiek dagoeneko aurretiazko eginbideak zabaldu dituzte.Bestalde, sindikatuek, bi multzotan ohikoa den bezala, ezbeharra gaitzetsezteko elkarretaratzeak egin zituzten BECen aurrean. UGT, CCOO eta LSBk egin zuten lehenbizi, eta, ordubete geroago, ELA, LAB, ESK eta EILASen txanda iritsi zen.
BECen istripua izan duen enpresari beste langile bat hil zitzaion iaz
Bi gertaeretan plataforma altxagarri bat muntatzen ari ziren ezbeharra izan zuten beharginak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu