Bediako (Bizkaia) Incoesa lantegia hustera joan dira gaur goizean. Ertzaintza ere bertan izan da, langileek enpresa husteko lanak oztopa ditzaten saihesteko. Lantegia husteko baimena eman zuen Durangoko auzitegiko gizarte arloko laugarren aretoko epaileak uztailean. Gaur, lantegia hustera sartu da Ertzaintza. 07:00 eta 07:30 artean han ziren poliziak, eta kamioiak joan dira gero, hainbat makina ateratzera. Langileen protesta artean egin da hustea. Lurrean eseri dira kamioiei bidea oztopatzeko, eta Ertzainak zazpi langile salatu dituela adierazi du Herrizaingo Sailak, materiala ateratzeko lanak oztopatzeagatik. Langileek, berriz, gehiegizko indarra erabili izana leporatu diote Ertzaintzari.
EH Bilduren arabera, langileak mehatxatu ditu Poliziak, atxilo hartuko dituztela esanez.
Juancar Vizan LABek Arratian duen ordezkariak azaldu duenez, huste hori legez kanpokoa izan da: “enpresak ezin ditu ekoizpenerako makinak atera langileak greban dauden bitartean”. Era berean, makinak ateratzeko prest zeudela ere jakinarazi dute. “Enpresa barruan prest zeuzkaten makinak kutxa batean sartuta”, adierazi du Juan Jesus Gurtubai langileak. “Nola egin duten ez dakit, enpresaren kanpoaldean kanpatuta baikaude greban gaudenetik”.
Egoera bideratzeko, gaur goizean Batzar Nagusietan ordezkatuta dauden alderdi guztiekin batzekoak ziren Incoesako langileak 09:00etatik 11:00etara. Baina egoera ikusita, deialdia atzeratu egin dute. 11:00etan hasi dira batzartzen. Vizan-en arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak zeresan handia dauka afera honetan, deslokalizazioaren inguruko foru arau bat egon badagoelako, eta hori indarrean jartzeko eskaera egin diete alderdiei. 7/2007 foru aruauaren arabera, ekoizpena kanpora eraman behar duen enpresa batek azken zortzi urteetan jasotako laguntzak itzuli behar ditu, eta hurrengo urteetan jasoko lituzkeenak ere bertan behera geratuko lirateke. “Foru arau hori indarrean jartzea besterik ez dugu eskatzen”.
Gainera, Foru Aldundiak langileekin hartu zuen konpromisoa betetzeko ere eskatu dute gaurko bileretan. “Ekainean esan ziguten azken urteetan enpresak zenbateko laguntza jaso zuen argituko zutela, baina oraindik ez digute ezer adierazi”. Horregatik, eskaera bikoitza eraman dute gaur Batzar Nagusietara.
Ekoizpena, Extremadurara
Extremadurara (Espainia) eraman nahi dute ekoizpen guztia jabeek, eta horregatik daude protestan langileak. Maiatzaren 27an ekin zioten greba mugagabeari. Bideo batean salatu dutenez, langileak "ezkutuan kaleratu" nahi ditu enpresak, Espainiara bidaliz eta soldatak %40 jaitsiz. Baina Bediako lantegiak lanean jarraitzeko behar adina lan eskaera duela adierazi du Vizan-ek. “Gaur atera dituzten makinak beste leku batean lan egiteko atera dituzte, eta hemen oraindik lana badago”, salatu du.
Enpresak maiatzaren 5ean esan zien langileei planta ixteko asmoa zuela. 53 langilek lan egiten dute bertan, transformadore elektrikoak ekoizten.