Ainhoa Etxaide. LABeko idazkari nagusia

«Beharrezkoa da langileak greba orokorrera deitzea»

Lan erreforma ez da erreforma bat gehiago, lan harremanak iraultzeko eta enpresariei urteetan eskatutakoa emateko tresna baizik, Etxaideren arabera. Horregatik, erantzunak ere parekoa izan behar duela uste du, gehiengo sindikalaren haustura gaindituta.

jon hernaez / argazki press JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
jakes goikoetxea
Bilbo
2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoari gehiengo sindikalaren krisia gehitu zaio. Ainhoa Etxaidek (Hondarribia, 1972) komunikabideetan ikusi zuen gehiengo sindikalaren eskela. Hala ere, ELAren eta LABen artean zubiak badaude, eta krisiaren erantzuna arrazoi garrantzitsua da elkarrekin lanean aritzeko. Lan erreforma dute egunotako lehentasun.

Zein da lan erreformari buruzko oinarrizko balorazioa?

Lan harremanen eredua guztiz aldatu du. Estatua erretiratu egin da lan mundutik; utzi egin dio eskubideak babesteari eta bitartekaritza egiteari, guztia enpresarien eta langileen eskuetan uzteko. Baina, alde egin aurretik, lan eskubide guztiak txikitu ditu, eta negoziazio kolektiboaren balioa eta eraginkortasuna guztiz baldintzatu ditu. Enpresariei botere osoa eman die, langileei buruzko erabaki guztiak alde bakarrekoak izateko.

Lan harremanetarako euskal esparruaren premia eta garrantzia nabarmentzen duen inposizio bat gehiago da. Eredu aldaketa hau inposatu digute gure borondatearen kontra, erabakiak baldintzatzeko aukera lapurtuz eta prozesu bortitz honi harresiak jartzeko aukerak guztiz baldintzatuz. Ez da kasualitatea hemen negoziazio kolektiboak ezaugarri propioak izatea, hemengo hitzarmenak hobeak izatea beste batzuekin alderatuz. Erabakiak hemen hartzen badira, horietan eragiteko gaitasuna daukagu.

Komunikabideek zenbait puntu nabarmendu dituzte: kaleratzeen kalte-ordainak txikituko direla, dosierrak Administrazioaren baimenik gabe onartu ahal izango direla eta enpresaburuek langileen baldintzak aldatu ahal izango dituztela. Aipatu ez den besteren bat nabarmendu nahi al duzu?

Sakonean aztertu behar da ondorioak norainokoak izango diren ikusteko. Batez ere, kolektibo zehatzei zenbat eragingo dien neurtzeko. Absentismoa, adibidez. Bi hilabetean bederatzi egunetan gaixoaldian egotea langilea kaleratzeko arrazoia izango da, gaixoaldia arrazoitua bada ere. Beraz, gaixo jartzeko eskubiderik gabe geratu gara. Nork zainduko du benetan bere osasuna lanpostua galtzeko arriskua bistakoa bada?

Langabeak lan egitera behartu ahal izango dituzte. Zerbitzu publikoetan enplegua suntsitu eta langabeak lan hori doan egitera behartuko al dituzte?

Eta lanaldi laburreko kontratuetan aparteko orduei mugak kendu dizkiete. Beraz, lanaldi laburreko kontratuekin lanaldi osoko kontratuak beteko dira, baina askoz ere kontratu kaskarragoekin. Emakumeek oso ondo ezagutzen duten errealitatea da. Erreformak ez du beste helbururik: soldatak jaistea eta muturreko prekarietatean oinarritutako enplegua finkatzea.

Malgutasunaren izenean enpresaburuei eskaintzen dien boterea ikusita, erreformak soldaten jaitsiera orokorra eragingo al du?

Hori da helburua, eta hori da borroka nagusietakoa. Erreformak borrokaren baldintzak finkatu ditu: enpresariek dute boterea, eta langileok kaleratze merkearen mehatxu iraunkorra izango dugu. Hori guztia enplegua nabarmen suntsituko den bitartean. Baldintzak askoz ere zailagoak izango dira, baina borrokaren balioa eta beharra are handiagoak.

Langileen eskubideen kontrako eraso gogorrena al da?

Erreforma kate luzea ezagutu dugu lan merkatua desarautzea erabaki zutenetik. Erreforma bakoitzak aurreko egoera okertu egin du, eta eskubideak etenik gabe indargabetu dituzte. Hau da benetako erreforma, patronalak beti egin dituen eskaera guztiak bete-betean jasotzen dituena.

Ez al da onargarria une batean zailtasunak dituen enpresa batean lan baldintzak pixka bat okertzea enpleguari eusteko?

Gezurra da enplegua babesteko soldatak murriztu, lan baldintzak okertu eta lanorduak gehitu behar direla esatea, enplegua suntsitu baino ez du egiten. Azkeneko urteetan gertatutakoa ikusi besterik ez dago. Horren atzean enplegua suntsitzea dago, langile gutxiagorekin eta diru gutxiagoren truke gehiago irabaztea.

Gainera, arazo bat dago: enpresak ezin dira lehiatu bakarrik prezioetan oinarrituta, beti egongo delako norbait haiek baino merkeago egiteko prest. Garapen, produkzio eta lan-merkatu eredu horretan jarraitzeak ez du etorkizunik ziurtatzen, ezta enpresari gehienei ere.

Zein erantzun emango dio LABek lan erreformari?

Erantzuna antolatu behar dugu, langileei eta gizarte osoari erreforma honen kontra egiteko eta alternatiba badagoela aldarrikatzeko aukera emateko. Gure eskubideen aldeko borroka berrantolatu beharko dugu, lantokiz lantoki, egoera berriari aurre egiteko.

Eta pentsatzen dugu krisi honek eskatzen duen sakoneko erantzuna herri proiektu sendo batekin herri gisa jardutea eta gure bidea egitea dela. Eredu berri bat behar dugu: Euskal Herrian definitu eta erabaki behar dugu, eta gure ekimenez eraiki behar dugu. Nazio eraikuntzan eta burujabetzan urrats berriak egiteko garaia da, sakoneko erabaki politikoak hartuz eta prozesu politiko eta sozial sendo bat garatuz, benetako aldaketak eragiteko aukerak edukitzeko. Bide hori bultzatu behar dugu, baita sindikalismotik ere, horrek eskatzen dituen eztabaidak eginez eta erabakiak hartuz.

Langileak greba orokorrera deituko al dituzue?

Beharrezkoa da.

Posible al da greba orokorrera deitzea gehiengo sindikala hautsita badago?

Erreformak gehiengo sindikalaren egoera hori gainditu du; posible eta beharrezkoa da. Kontua da hori nola egin. Une honetan argi dagoena da egoerak erantzukizunez jokatzea eskatzen duela; langileek erantzutea behar dute, eta erantzun beharra dago.

Erreformak lehentasuna ematen die enpresetako hitzarmenei. Zer funtzio eta garrantzi izango dute sektorekoek edo probintzietakoek? Enpresaburuek aukera izango dute horiek ez aplikatzeko.

Gaur arte sektoreko hitzarmenek eskaini eta ziurtatu diete oinarrizko babesa langileei. Erreformak hankaz gora jarri ditu. Egia da egongo direla, baina baliorik gabe, edukiz hustu baitituzte: goitik Espainiako hitzarmenen bidez eta behetik gai nagusiak enpresetara eramanda. Eredua txarra da, eta langile gehienak negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe geratuko dira, enpresa askotan negoziazioa ez delako posible eta ez garelako Madrilera joango negoziatzera. Bertako esparru eta eredua defendatzeko bideak bilatzen eta eredu horren alde borrokan jarraituko dugu.

Erreformaren ondoren, erabat itxi al da Confebaskekin, CCOOrekin eta UGTrekin abiatutako negoziazioa?

Lan harremanetarako euskal esparru eta eredu propio bat behar-beharrezkoa dela uste dugu. Hori eraikitzeko borroka egin behar dugu, erabakiak hemen hartzeko, bertako eragileen artean eta langileriaren benetako parte hartzearekin. Borroka egin behar dugu bai Madrilekin, bai euskal esparrua baztertzen duten euskal eragileekin ere, horien artean patronalarekin bereziki. Borroka hori lantokietan, kalean eta negoziazio mahaietan egin behar da.

Euskal Herrian, erabakiak hartzeko bitartekoak eta esparruak behar ditugu. Hor kokatzen ditugu patronal eta sindikatuon arteko negoziaziorako esparruak. Negoziazio esparruak borrokarako esparruak ere badira. Confebaskena negoziazio mahai bat izan da, eta orain ezin da bere horretan berreskuratu, egoera ez baita bera. Baina mahaia hor dago, eta euskal esparruaren alde akordioak eraikitzeko beharra ere bai.

ELAk ez du parte hartu negoziazio horretan. Enpresetako hitzarmenak nahiago dituela leporatzen zaio.

Negoziazio kolektiboan tradizionalki oso estrategia ezberdinak izan ditugu. Egia historikoa da. Guk pentsatzen dugu langileek ezin diotela uko egin inolako negoziazio eremuri, txarra dela negoziazio kolektiboa enpresetan bakarrik oinarritzea, langile gehiegi daudelako eremu horretan negoziatzeko aukerarik gabe.

Confebaskek gatazka kasuetarako arbitrajera behartu nahi zuen, eta zuek ez zenuten onartu. Lan erreformak derrigortu egiten du.

Ez dugu sinesten erabakiak beste baten esku geratzen direnean enpresariak eta langileak aukera berekin lehiatzen garenik. Ikusi dugu dosierretan eta erabakiak administrazioaren esku geratzen direnean sistematikoki enpresariarekin lerrokatutako erabakiak hartzen direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.