Behin-behineko kontratuek gora egin dute lan erreformarekin

Behin-behineko kontratuek eta pentsioen erreformak zaildu egingo dute pentsioak jasotzea

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak lan merkatuaren erreforma onartu zuen urtean, iaz, behin-behineko kontratuen proportzioa handitu egin zen Hego Euskal Herrian. 2006tik aurrera hamar kontratutik bederatzi behin-behinekoak izan dira, baina portzentajea handitzen ari da urtetik urtera: 2006ko %90,2tik 2009ko %92,3ra eta iazko %93ra.

Beraz, lan erreformak ez du bete bere helburuetako bat, behin-behineko kontratuak gutxitzea eta mugagabeak gehitzea. Hala salatu zuten atzo ELAk, LABek, EHNEk eta Hiruk.

Lan erreformarekin kontratu mugagabeak sinatzen dituztenen egoera ere aldatu da, kaleratuz gero kalte-ordain txikiagoa jaso dezaketelako: lan egindako urte bakoitzeko 45 egunekoa beharrean, hogei egunekoa. Valeriano Gomez Espainiako Lan ministroak, hain zuzen, herenegun harro esan zuen kaleratze merkeak ugaritzen ari direla.

Espainiako Gobernuak pentsioen sistema aldatu nahi du: erretiro adin ofiziala 65 urtetik 67ra atzeratu; pentsioa kalkulatzeko urte kopurua 15etik 17ra pasa; pentsioa jasotzeko kotizatu beharreko urteak gehitu, 15etik 20 ingurura; eta pentsio osoa kobratzeko kotizatu beharreko urte kopurua handitzea, 37-41 urtera.

Behin-behineko kontratuen proportzioa eta pentsioen erreforma ikusita, jendea askorentzat «ezinezkoa» izango da pentsioa kobratu ahal izatea eta «utopia» pentsio osoa jasotzea, Oihan Ostolaza LABeko Enplegu Politikako idazkariaren esanetan. Gaur egun, Hegoaldeko pentsiodunen erdiak pobreziaren mugaren azpitik bizi dira.

Alternatibak

Mikel Noval ELAko Gizarte Politikako arduradunarentzat, murrizketak ez dira beharrezkoak, badira alternatibak: pentsioen zati bat aurrekontuen bidez ordaintzea, zerga politika aldatzea... «Funtsean», laburbildu zuen, «aberastasuna beste era batera banatzea».

Horregatik herritarrei osteguneko greba orokorrean parte hartzeko eskatu zien, «une garrantzitsua» delako. ELAk, LABek,EHNEk eta Hiruk deitu dute greba orokorrera, baina atxikimenduen zerrenda handitzen ari da. Atzo Euskal Herriko Bilgune Feministak bat egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.