Soldata apalagoa, lan istripua izateko arrisku handiagoa eta pobrezian bizitzeko aukera gehiago dituzte Hego Euskal Herrian behin-behineko kontratupeanlan egiten dutenek. Horiek dira behin-behinekotasunaren ondorioak, ELAk atzo aurkeztutako txostenaren arabera. Krisialdian enpresaburuek «aldi baterako langileak kaleratzeko erregulazioen beharrik ez» dutela nabarmendu zuen Adolfo Muñozek. Aurtengo urtarriletik martxora, Hegoaldean galdutako 36.900 lanpostuetatik %83,5 behin-behinekoak zirela salatu zuten.
ELAko idazkari nagusiak Julene Gabiola ikerketa bulegoko kidearekin eta Mikel Noval Gizarte Saileko arduradunarekin batera egin zuen agerraldia. Datuak aurkeztuta, «enpresaburuen elkargoetatik eta haien inguruko komunikabideek» eskatzen duten lan erreformaren aurka hitz egin zuen Muñozek: «Ez dute erreformarik behar, nahi duten guztia eman dietelako jadanik». Legeak moldatu behar badituzte, behin-behineko kontratu askoren atzean dagoen «iruzurra» zigortzeko galdatu zien administrazioei.
Esan zuenez, langile askoren aldi baterako kontratuak kateatzen dituzte enpresetan egiturazko lanpostu egonkorrak betetzeko. Kontratatze mota hori darabilten enpresaburuei isunak jartzeko eskatu zien Muñozek gobernuei. Horren harira, administrazioak «ahulenak babesteari aspaldi utzi» diola deitoratu zuen.
Maiatzera bitarte Hegoaldean sinatutako hamar kontratutik bederatzi aldi baterakoak izan direla eta Europako Batasuneko herrien behin-behinekotasun tasa 8,4 puntutan gainditzen dela salatu zuten, halaber, ELAkoek
Emakumeak eta gazteak
Hegoaldean behin-behinekotasun tasa altuena duten taldeak emakumezkoak eta gazteak direla azaldu zuen Gabiolak atzo. Emakumeena %27,4 eta gizonena %17,7koa dela azpimarratu zuen. 16 eta 24 urte bitarteko gazteek, aldiz, %59,5eko tasa dute.
Behin-behineko kontratuak, bestetik, enplegua sortzeko baliogarriak direla ezeztatu zuen Muñozek: «Ez dute gehiago kontratatzen baina zenbat eta aldi baterako langile gehiago izan are gehiago irabazten dute enpresaburuek».
Behin-behineko kontratuen iruzurra zigortzeko eskatu dio ELAk administrazioari
Hego Euskal Herrian galdutako enpleguaren %83,5 aldi baterako kontratuak zirela salatu du sindikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu