Ia erabat amaituta dago berdelaren kanpaina, eta hasieran dago oraindik antxoarena. Bittor Oroze Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak bien gaineko balorazioa egin du Getarian, herrian Antxoa Eguna ospatzen zutela aprobetxatuta. "Oso positibotzat" jo ditu bi-biak.
"Euskadiko arrantzaleek jada 8 milioi kilo antxoa harrapatu dituzte, kiloko prezioa 1,75 euro izanik batez beste", azaldu du Orozek. Oraindik ere kanpaina hasierako datuak dira, baina iaz garai honetan izandako datuekin alderatuz gero ondoriozta daiteke aurtengo kanpaina hasieran 1.500 tona antxoa gehiago harrapatu dutela, prezio antzekoan. Iazko apiril amaierarako kiloko 1,73 euroan zegoen batez besteko prezioa, aurtengoaren paretsu, baina kanpaina amaierarako 1,69 eurora jaitsi zen prezioa.
Aurten gertu eta ugari dago antxoa, eta horrek erakusten du espeziea bere onera etorri dela eta bermatuta dagoela espeziearen eta sektorearen iraunkortasuna, Orozoen arabera. Hain zuzen, joan den eguenean hasi zuen Bioman azterketa kanpaina Aztik. Hamabost ikertzaileko talde bat Ramon Margalef eta Emma Bardan ontzi ozeanografikoetan abiatu zen Pasaiako portutik, antxoaren ugalketa eremuan ibiltzeko, eta egunean ekoiztenn duten arrautza kopurua aztertuz antxoaren populazioa kalkulatzeko. Iazko azterketak 1987tik izandako emaitzarik onenak eman zituen, antxoaren biomasa 142.000 tonaraino igoz. Udaberrian Aztik egingo duen Juvena kanpainak osatuko du Bioman azterketa. Juven programaren bidez Bizkaiko golkoan dagoen antxoa gazte kopurua kalkulatzen dute. Hurrengo urtean seguruenik horiek antxoa heldu bihurtuko direnez, teknikariek aurreikusi dezakete zenbat antxoa sartuko den hurrengo urtean antxoa helduen populazian, arrantza tokiei eutsita.
Prezio merkeegia
Antxoaren kanpaina hasiera ona izan arren, prezioarekin ez daude gustura Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen kofradiak. Hasieran tamaina handiko antxoak sartu ziren, kiloko 30-32 alekoak, kontserba fabriketarako egokienak. Baina egunek aurrera egin ahala txikituz joan da arrainaren tamaina, eta prezioak ere behera egin du. "Kanpaina gazi-gozoa" izaten ari da, Eugenio Elduaien Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradiako presidentearen esanetan. "Itsasoa antxoaz beteta dago, eta hori ona da etorkizunerako. Baina errentagarritasuna lortzeko prezioak handiagoa izan behar du". Gutxieneko prezioak bermatzeko asmoarekin, hain zuzen, euskal kofradiek apirilaren amaieran erabaki zuten behin-behinean barikuetan antxoa salmentarik ez egitea.
Berdela
Orozek amaitutzat eman du berdelaren kanpaina, oraindik amuko ontziek kuota zati txiki bat harrapatzeko aukera daukaten arren. "Berriki bukatu den kanpainan 8,1 milioi kilo arrain harrapatu dira, eta batez besteko prezioa 0,73 eurokoa izan da kiloko. Aurreko ekitaldian baio harrapaketa gutxiago izan dira, baina batez besteko salmenta prezioa gainditu egin da". Iaz 11 milioi kilo berdel arrantzatu zituzten Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek, eta batez beste 0,58 eurotan saldu zuten kiloa.