BBK, Kutxa eta Vitalen bateratzeak arazoak sortu zituen informatika zerbitzuetan. IDE-Informatica de Euskadik kudeatzen zuen BBKren informatika zerbitzuak, eta Ibermaticak, berriz, Kutxarena eta Vital Kutxarena. Bat-egitearen ondorioz, IDEk hartu du lan hori Kutxabank osoan martxoaren erdialdetik aurrera, eta zalantza zegoen Ibermaticako 200 langileren etorkizunari buruz. ELAk (ordezkaritza duen bakarrak) deituta hainbat protesta egin dituzte azken asteotan Ibermaticako langileek.
Negoziazio luze eta "korapilotsu" baten ondorioz, Kutxabankek azaldu du bere hornitzaile informatikoekin akordioaren aurrekoa lortu duela, berregituraketak enpleguan ahalik eta eragin txikiena izan dezan. IDEk eta Kutxabankek, finantza taldearen aplikazio-informatikoak garatu eta mantentzeko egun indarrean dagoen zerbitzu-prestazio kontratua luzatzea adostu dute, 2014ra arteko iraupena zuena. Akordio honek, kontratuari lotutako beharginen lanpostuak bermatzen ditu IDEn. Kutxabank bera da IDEren akzioen erdiaren jabea, eta Accenture beste erdiarena.
Ibermaticak, berriz, "beste informazio zerbitzu" batzuk emango dizkio Kutxabanki. Horren ondorioz, bankuari zerbitzua ematen zieten langileen lanpostuak mantendu ahal izango direla uste du.
IBM konpainiak Kutxabanken azpiegitura teknologikoak kudeatuko lituzke egungo kalkulu zentruetatik, eta IDE-n, Ibermatican eta Servimatican azpiegituren kudeaketarako eremuan aritzen den langilego espezializatu guztia hartuko du, bai eta enpresa hauek alor honetan duten lan-bolumena ere.