Ekonomia

Bere langileen soldata izozteko asmoa du Jaurlaritzak

Bigarren urtez jarraian, Eusko Jaurlaritzak bere langileen soldatak ez igotzeko asmoa dauka. Carlos Agirre Ogasun sailburuaren arabera, Espainiako aurrekontuen balizko luzapenak hala egitera behartuko ditu.

2011ko urriaren 14a
19:31
Entzun

Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak aurreratu duenez, 2012an ere soldata izozturik izango dute Jaurlaritzako eta haren menpeko erakundeetako langileek. Agirreren arabera, Espainiako egoera politikoak behartuko ditu horretara. Izan ere, Espainiako Gorteak deseginda daudenez, oso zaila da 2012rako aurrekontuek aurrera egitea, eta, beraz, aurtengo kontuak indarrean izango dira datorren urtean ere. Horietan funtzionarioen soldata izoztea aurreikusten zenez, 2012an ere hala geratuko dira. Neurri horrek Jaurlaritza bera ere behartzen dutela ulertzen dute Gasteizko agintariek.

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren arabera, izoztea baieztatzen bada, Eusko Jaurlaritzako langileen erosteko ahalmena %13 gutxituko da azken urte eta erdian. Izan ere, 2010eko udan soldatak jaitsi egin zitzaizkien, eta ordutik ez dizkiete igo.

Finantzen Euskal Kontseiluak  berretsi du aurten uste zutena baino 810 milioi gutxiago bilduko dituztela. Aurrekontuetan agertutako zulo hori estaltzeko zenbait neurri hartu dituzte Jaurlaritzak eta aldundiek, baina gehiago etorriko dira urtea bukatu bitartean. 2012rako ez dute hobetze nabarmenik espero: zergetan  12.116 milioi euro jasotzea aurreikusi dute, aurten espero dutena baino %3,6 gehiago. Krisiaren aurretik jasotzen zena baino gutxiago da hori.

Aurtengorako hazkunde aurreikuspena ere gutxitu du Jaurlaritzak. BPGa %0,8 handituko dela uste du, oraintsu arte esaten zuen %1,4tik oso behera. Gainera, aitortu du enpleguaren sorrerarik ez dela izango aurten. Urte amaieran %11ko langabezia tasa espero du eta %10,8koa 2012 bukaerarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.