Bere ordezkaritza «urratzea» egotzi dio ELAk Lopezi

KESen eta LHKn zuten lekua dekretu bidez CCOOren eta UGTren artean banatu dutela salatu du Muñozek

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Patxi Lopezek EAEko erakunde soziolaboralen osaketaren harira hartutako erabakiari «oso larria» deritzo ELAk, Patxi Lopezek onartutako dekretuak ordezkaritza sindikalaren oinarriak «urratu» dituelako. Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean (KES) eta Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) zuen lekua UGT eta CCOO «sindikatu adiskideei» eman diela salatu zuen Adolfo Muñozek. ELAk defendatzen duen sindikalismo eredua, aldiz, «zokoratu egin nahi dute».

Sindikatuaren Nazio Batzordeak bilera egin zuen astelehenean, Eusko Jaurlaritzaren dekretuak aztertzeko, eta, atzo, «botere publikoen gehiegikeria geldiarazi» beharra jasotzen duen ebazpena aurkezteko agerraldia egin zuten zuzendaritzako kideek Bilbon. Muñozek esan zuenez, proiektu neoliberalak «demokrazia du oztopo», eta horregatik Lopezek neurri «antidemokratikoak» erabili dituela deitoratu zuen.

Erakunde soziolaboraletan hauteskunde sindikaletan lortutako emaitzen araberako ordezkaritza dagokiela eta ordezkaritza hori baliatzea edo ez ELAren erabakia dela azaldu zuten. Sindikatuak erakundeetako parte-hartzea eteteko arrazoiak badituela gogorarazi zuen Muñozek; «patronalari jokoaren arauak errespetaraztea», besteak beste. Arrazoi horiek, gainera, Lopezi azaldu zizkiotela nabarmendu zuen, iazko ekainean izan zuten bileran.

Jaurlaritzak dekretua onartzeko erabilitako argudio nagusia ere gezurtatu zuen, bestalde, sindikatuko buruzagiak: «ELAk ez du inoiz beto eskubiderik izan. Eman dizuten gehiengoa kudeatzea ez da betoa ezartzea».

Legezkoa Jaurlaritzarentzat

ELA sindikatuak hartutako erabakia «errespetatzen» duela esanzuen atzo Eusko Jaurlaritzak, baina sindikatuak bete ez duen ordezkaritza besteen artean banatzea legezkoa dela erantzun zioten Muñozi.

Erakunde soziolaboralen funtzionamendu egokia bermatzea bere zereginetako bat dela berretsi zuen Lakuak, eta, horregatik, KESen eta LHKn «beto inplizitua» ezartzea ezin dutela onartu ziurtatu zuten, «erakundeen jarduera blokeatu eta geldiarazten dituelako». Jaurlaritzak, bestetik, elkarrizketa sozialaren mahaian parte hartzeko aukera duela esan zion ELAri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.