Kataluniako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako merkataritza zuzendari Josep Maria Recasensek eta Jon Zaratek adierazpen bat hitzartu dute Bartzelonan, "hurbileko merkataritza eta formatuen oreka-eredua" defendatzeko. Azaldu dutenez, bi gobernuak ez daude ados "Estatuak bultzaturiko erregulazioarekin", eta Madrilek autonomia erkidegoen eskumenetan eta merkataritza-ereduan dituen eraginak aztertu dituzte.
"Bartzelonako Adierazpena hiriko eta hurbileko merkataritza-ereduaren aldeko manifestua da, eta Kataluniaren eta Euskadiren desadostasuna azaleratzen du Espainiako Estatuak emandako merkataritza-antolamenduarekiko", azaldu du Jaurlaritzak. Horrekin lotuta, Espainiako Gobernuak bultzaturiko sustapen eta antolamendu neurriek "ondorio larriak" izango dituztela ohartarazi du, "arriskuan jartzen baitute hurbileko merkataritza eredua eta lanpostuak suntsitzen baitituzte, herrien eta hirien desertizazioa eragiteaz gain".
Dokumentuak Kataluniako eta EAEko enpresiarien elkarte ugariren babesa dute: Confederacio de Comerç de Catalunya, Pimec Comerç, Euskaldendak Euskadiko Merkatari, Ostalaritza eta Zerbitzu Enpresen Elkarteen Konfederazioa eta Euskomer Euskadiko Merkataritza Konfederazioarena, hain zuzen.