Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak argi-itzalak dituela jaso du Orkestra-Lehiakortasunaren Euskal Institutuak Lehiakortasunaren II. Txostenean. Atzo aurkeztu zuten txosten hori, Bilbon. Krisiak gogor jo arren ekonomia bera eta enpresak, oro har, egoera onean daudela ziurtatu du Orkestrak, baina produktibitatea handitu behar dutela eta berrikuntza maila handiagoa behar dutela esan du, geroan ere hala egotea nahi badute.
Lehiakortasun txostenaren emaitzak erakusten du EAEko BPGa per capita Europako estatu askorena baino handiagoa dela-35.205 euro pertsonako-, baina «maila bikain hori ez dator bat berrikuntzaren adierazleen mailarekin». Txostenean, kontraesan horri «lehiakortasunaren paradoxa» deitu dio Orkestrak, eta ekoizpen prozesuetan berrikuntza bultzatuta gaindituko dela uste du. «Horrek garrantzi handia du, kontuan hartzen badugu biztanleriaren zahartze erlatiboa handia dela. Beraz, bizi-mailaren etorkizuneko hazkundea produktibitatearen hazkundearen araberakoa izango da».
Euskal enpresak merkatu globalean lehiatzeko txikiak izan arren azken urteotan nazioartera ateratzeko ahalegin handia egin dutela onartu du Orkestrak, eta apustuari eusteko eskatu die. «Alde horretatik, esportazioen eduki teknologikoa hobetzen ahalegindu beharko genuke, eta eskari zorrotzagoko herrialdeetara neurri handiagoan iritsi, haietan lehiatzeko gaitasun berriak eskuratu ahal izango baititugu».
Klusterren indarra
Txostenaren arabera, EAEko ekonomiak beste arazo bat dauka: nazioarteko inbertsio gutxi jasotzen ditu. «Joera hori irauli beharra dago, gure lurraldeko ekoizpenaren eskaintza teknologikoa hobetzeko», dio Orkestrak, eta, horretarako, «azpiegitura teknologiko traktoreen» beharra aldarrikatu du.
Alde positiboen artean, klusterren ereduaren sendotasuna eta berritasuna bultzatzeko egituren sorrera jaso dute txostenean.
Berrikuntza maila handiagoa behar dela ziurtatu du Orkestrak
Atzerriko inbertsio gutxi erakartzen dela nabarmendu du EAEren lehiakortasunari buruzko txostenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu