Erretiroaren adin ofiziala 60 urtetik 62 urtera luzatuko duen prozesua indarrean jarri eta bost egunera, pentsioa jasotzeko adin erreala are gehiago atzeratzeko bideari ekingo dio Frantziak. Ustekaberik ezean, Erretretaren Aholku Kontseiluak gaur proposatuko du pentsioaren tasa osoa jasotzeko gutxienez kotizatu beharreko epea beste hiruhileko bat —edo 91 egun— luzatzea, 165etik 166ra, hau da, Ipar Euskal Herriko biztanleek 41,5 urtez pagatu beharko diote Gizarte Segurantzari dagokien pentsioa txikitzea nahi ez badute. Pentsioa oso-osorik eskuratzeko, gutxienez 65 urte arte itxaron behar da orain, baina 2016-2023ko epean 67 urtera atzeratuko dute. Gobernuak bere egingo du kontseiluaren proposamena, ezkerraren eta sindikatuen haserrerako.
Zergatik igo behar dute orain kotizazio aldia?
Xavier Bertrand Frantziako Lan ministroak atzo azaldu zuenez, igoera ez da erabaki berri bat, baizik eta 2003ko Fillon legearen ondorio. Gaur egun lehen ministro denak urte horretan pentsio sisteman egindako erreforma sakonaren ondorioz, kotizazio aldia igo egin behar du bizi-itxaropena emendatzen bada. «Aurreikusita zegoen, legeak hala dio, logikoa da, beharrezkoa da», esan du Bertrandek. Eta jada heldu zaizkion kritiketatik babestu nahian, Greziaren mamua haizatu du Lan ministroak: «Nahiago dugu erreformak guk geuk indarrean jarri, ez gertatzeko Greziari bezala, non kanpotik ezarri dizkieten».
Zenbat luzatu da bizi-itxaropena?
INSEE estatistika erakundeak emandako datuen arabera, 2000. urtean, 60 urte betetzen zituzten gizonek batez beste 20,4 urtez bizitzeko itxaopena zuten; emakumeek, berriz, 25,6 urte. 2007an, 21,4 eta 26,4 urtera igo zen bizi-itxaropena, eta 22,4 eta 27,2 urtera 2010ean, hau da, hamar urtean gizonezkoen bizi-itxaropena bi urte handitu da, eta 1,6 urte emakumeena.
Lanak zerikusia al du bizi-itxaropenean?
Rachid Bouhiak INSEErentzat egindako ikerketa batek erakutsi duenez, kualifikatuak ez diren langileak eta enplegatu arruntak lehenago hiltzen dira zuzendaritza karguak dituztenak baino.Esaterako, 1940tik 1946ra bitartean jaiotako gizonen %6,7 60 urte bete aurretik hil ziren, baina kopuru hori %14,3koa da kualifikatuak ez diren langileen artean. Bouhiaren txostenak onartzen du bizi-ohiturek zeresan handia dutela kopuru horietan, baina zati bat lanaren gogortasun, istripuak izateko arrisku eta produktu kutsagarriekin izandako kontaktuarengatik dela ziurtatu du.
Nori eragingo dio neurriak?
1955. urtetik aurrera jaiotako guztiei. Gaur egun, 40 urte eta hiru hiruhileko lan egin behar da pentsioa oso jaso ahal izateko; 41 urte izango dira, berriz, 2012ko urtarriletik aurrera. Orain indarrean jarritako erreformak dio 2013tik aurrera 41 urte eta hiruhileko bat lan egin beharko dela. 41,5 urteko kotizazioa 2020tik aurrera ezartzea aipatu zuen gobernuak iazko udazkenean azken erreforma proposatu zuenean. Epe hori aurreratuko du orain.
Eta gutxiago kotizatzen dutenek?
Baldin eta gutxieneko adina bete badute, erretiratzeko aukera izango dute, baina pentsio txikiagoa jasota. Salbuespenak ere badaude, esaterako, hiru seme-alabatik gora izan eta haiek zaintzeko lanaldia eten dutenentzat, ezintasunak dituzten seme-alaben gurasoentzat edo ezinduentzat.
Zer diote sindikatuek?
«Zigor bikoitza da: gehiago lan egin, gehiago kotizatu, gutxiago jasotzeko», laburbildu du Phillippe Pihet FO sindikatuko pentsioen ataleko arduradunak. Sindikatuek onartu dute bizi-itxaropena handitzen ari dela, baina ez daude ziur osasun oneko bizitza hein horretan handitu denik. «Gobernuak soldatadunei eskatu nahi die beren erretiroaren urterik onenak, osasun onarekin gozatzen dituztenak lanean igarotzeko», esan du Sud-eko Pierre Khalfak. Europako txosten batek dio gaur egun 50 urte dituzten gizonezkoek batezbeste 68,1 urtera arte biziko direla ezintasunik gabe eta 69,7 urtera arte emakumeek. PSk ere kontra egin du.
Eta patronalak?
Laurence Parisot Medefeko presidenteak uste du «funtsezkoat» dela bizi-itxaropena eta kotizazio aldia lotuta egotea. «Frantziarren osasun onaren adibidetzat har dezagun berria», gehitu du.
Erretiroa. Ipar Euskal Herria
Beste 91 egun erretirorako
Bizi-itxaropena luzatu denez, Gizarte Segurantzan kotizatu beharreko aldia ere luzatu nahi du Frantziako GobernuakSindikatuek diote «zigor bikoitza» ekarriko diela langileei; patronala, berriz, ados dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu