Uda girorik ez da merkatuetan. Alarma egoera etengabean bizi dira inbertitzaileak, eta salbuespenezko neurriak ez dira nahikoak lasaitasuna igortzeko. Iragan ostegunean Jean Claude Trichetek egindako akatsa zuzendu nahi izan zuen Europako Banku Zentralak, eta igande gauean iragarri zuen zor merkatuetan Italiaren eta Espainiaren bonuak erosiko zituela. EBZren esku hartzeak arrakasta partziala izan du, ordea. Italiako eta Espainiako arrisku sariak nabarmen jaitsi ziren atzo, azken egunetan kinka larrian izan eta gero, eta aurreko astean bi herrialdeotako bonuen interes tasak%6tik gora izan ostean, %5,3ren mugan ibili ziren. Burtsan ere goizean baikortasuna izan zen nagusi, baina arratsalde hasieran, Wall Streetek jarduera hasi ahala, Europako merkatuetan galera handiak nagusitu ziren: Frankfurteko Dax %5,02 jaitsi zen, Parisko Cac-40 %4,68 eta Madrilgo Ibex-35 %2,44. Beste astelehen beltz bat, alegia.
Azken hilabeteetan pareko astelehen beltz gehiago izan dira burtsan zein zor merkatuetan. Azkena abuztuaren 1ean. Aldakortasun horrek aditzera ematen du ezinegon handia dagoela eta gertaerei zein merkatuen portaerei aurre hartu ezinda dabiltzala gobernuak eta banku zentralak.Azken asteetan Italiaren eta Espainiaren gaineko kezkari orain are herrialde handiago bat zirkulu berean sartzeko arriskua gaineratu zaio: Estatu Batuak. Standard & Poor's rating agentziak AEBetako zorraren gaineko kalifikazio gorena koska bat behera jaisteak eragin zuen burtsek atzo jasotako zaplaztekoa.
Hala ere, atzoko astelehen beltza are beltzagoa izan zatekeen EBZk esku hartu ez balu. Neurri batean, osteguneko akatsa zuzentzea lortu zuen EBZk. Iazko maiatzetik Portugal, Grezia eta Irlandaren bonuak erosi izan ditu EBZk —guztira 74.000 milioi euro—, baina plan hori martxotik etenda zuen. Hala, ostegunean, Trichetek anbiguotasunez jokatu zuen: «Prentsaurreko hau amaitzerako ez nintzateke harrituko zuek merkatuetan zerbait ikusiko bazenute». Plana berriro martxan zegoela esan eta kazetariek pentsatu zuten Espainiaren eta Italiaren —kinka larrian dira— bonuak erosteari ekin ziola EBZk. Alabaina, Italia eta Espainiaren bonurik ez zela erosten ari egiaztatu zenean, kontrako efektua sortu zen: bi herrialdeen arrisku sariak 400 puntutik gora jarri ziren, eta burtsa amildu zen.
Ostiral arratsean AEBetatik zetozen albiste txarren jakitun, litekeena zen aste hau are okerrago hastea merkatuek. Horregatik, merkatuak lasaitze aldera, asteburuan bilerak eta telefono deiak etengabeak izan dira. Batetik, EBZren gobernu kontseilua bildu eta oraingoan bai Italia eta bai Espainiaren bonuak erosteko erabakia hartu zuen; bestetik, Europako Batasuneko agintarien artean komunikazioa etengabea izan da azken orduetan, eta, gainera, hala munduko zazpi herrialde aberatsenek (G-7) nola hogei aberatsenek (G20) agiri bateratuak atera dituzte «finantza egonkortasuna» bermatze aldera.
EBZren kasuan, bideokonferentzia bidez bildu zen gobernu kontseilua, eta hiru orduko batzarraren ostean, 23:00etan kaleratu zen ingelesez idatzitako agiria. Bertan, zuzenean Italia eta Espainia aipatzen ez badira ere, esaten da bigarren mailako zor merkatuetan Euroguneko bonuak erosteko plana aktibatzeko asmoa duela. Era berean, onartzen da egungo merkatuaren baldintzak «salbuespenezkoak» direla eta finantza zein prezio egonkortasuna arriskuan daudela.
Alemaniaren zuhurtzia
Erabaki hori hartzeko, EBZren gobernu kontseiluak Alemaniako Bundesbanken kontrako iritzia gailendu behar izan du. Jens Weidemann Bundesbankeko buruak eta Europa erdialdeko hainbat herrialdek begi txarrez ikusten dute EBZk zor publikoa erostea. EBZ, diru politikaz harago, ez dagozkion funtzioa hartzen ari dela eta kontu publikoak gaizki kudeatu dituzten herrialdeen mesedetan ari dela uste dute. Neurri horrek, era berean, epe ertainera kontsumo prezioak igoko ote dituzten beldur dira, eta behin eta berriz gogorarazten dute EBZren helburu nagusia prezio egonkortasuna bermatzea dela.
Alemaniak, Herbehereek eta Luxenburgok zuhurtziaz jokatzeko arrazoiak badituzte ere, egungo egoeraren konplexutasuna handia da. Izan ere, zor merkatuetan Italiari eta Espainiari eraso egin diete, eta, funtsean, ataka estu berean euroa bera dago. Arduragabeziaz joka lezake EBZk, eraso horien aurrean besoak gurutzatu eta zorrari ordaindu ezinda uzten baditu euroguneko ekonomian pisu handia duten bi herrialdeok.Izan ere, Italia eta Espainia salbatzeko nahikoa dirurik ez da aurreikusten oraingoz EFSF Finantza eta Egonkor tasunerako Europako Funtsean.
Ikusteko dago, ordea, noraino helduko den EBZ zor merkatuetan esku hartzeko erabakiarekin. Ez dago datu zehatzik baina Royal Bank of Scotland bankuaren arabera, Italia eta Espainiako bost urteko bonuetan 2.500 milioi euro inguru erosi zituen atzo EBZk. Informazio hori egiaztatu zenean, bi herrialdeotako arrisku-sariak nabarmen egin zuen behera eta arindua jaso zuten herrialdeotako altxorrek.
Alabaina, arindu horrek gutxi iraungo du epe ertainera eraginkorra ez bada. Ez dago argi zenbat bonu eskuratu behar dituen horretarako, baina aditu zenbaiten arabera 260.000 milioi euro inguru izan beharko du —gehienak Italiarenak, bere zor publikoa barne produktu gordinaren %120 ingurukoa baita, eta Espainiarena %60koa—.
EBZren baldintzak
Jakina, EBZren esku-hartzea ez da musu truk izango. Herrialdeoi finantzazio kostuak jaistearekin batera, bi herrialdeotako politikariek erreformak egiteko beharra leuntzeko tentazioa izan dezaketelakoan, Espainia eta Italia estutu ditu zeharka EBZk. Corriere della Sera egunkariaren arabera, «ostegun edo ostiral artean», Silvio Berlusconi lehen ministroak hurrengo EBZko presidente izateko hautagai nagusi den Mario Draghi bankariaren eskutik gutun bat jaso zuen.
Bertan, EBZk Italiari zer erreforma egin eta zer epetan ezarri exijitzen dio. Hala, egunkari horrek zabaldutako informazioaren arabera, enpresen merkatuen liberalizazioa, hainbat sozietate publikoren pribatizazioa, kontratu finkoa duten langileak kaleratzeko kalte-ordainak merkatzea, eta produktibitatea handitzeko kontratazioa ezartzea exijitzen dio. Corriere-ren arabera, EBZk merkatuetan esku hartu ahal izateko ezinbesteko baldintzak dira horiek.
Italiaren modura, Espainiak ere Euroguneko agintarien presioa du bere gain. Atzo bertan iragarri zuen Elena Salgado Ekonomia ministroak gastu publikoa beste 5.000 milioi eurotan murrizteko asmoa.
Bere aldetik, euroa berea jokoan dela jakitun, herenegun agiri bateratua atera zuten Alemaniak eta Frantziak. Bertan,Italiak eta Espainiak orain arte hartutako neurriak txalotzen dituzte. Era berean, uztailaren 21ean EFSF funtsari buruz hartutako erabakiak aurrera eramateko borondatea azaltzen dute eta irailerako prest egotea espero dute. Akordio horretan Euroguneko herrialdeen zorra 440.000 milioira arte erosteko aukera jasotzen da.
Zorraren krisia
Beste astelehen beltz bat
Igande gauean EBZk Italia eta Espainiaren bonuak erosteko hartutako erabakiak nabarmen jaitsi du bi herrion arrisku sariaWall Streeten ondorioz, Europako burtsa nagusietan %2-%5 arteko galerak izan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu