EKONOMIA

Beste aukera batzuk proposatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuak Gamesari

Roig Ekonomia kontseilariak larrialdiko bilerara deitu ditu enpresako arduradunak, eta "harrituta" azaldu da ixteko erabakiarekin. Langileek ere ezustean hartu dute erabakia, eta ez dute ulertzen zergatik ezin den beste produkturik ekoitzi Altsasuko lantegian.

2010eko otsailaren 26a
15:05
Entzun
Nafarroako Gobernua "harrituta" azaldu da Gamesak Altsasuko lantegia ixteko hartutako erabakiarekin. Jose Maria Roigek, Ekonomia kontseilariak, larrialdiko bilerara deitu ditu enpresako arduradunak, egoera aztertzeko. Sanzen gobernuak ezinbesteko jotzen du enpresak beste aukera batzuk jartzea mahai gainean, langileen eta lantegiaren bideragarritasuna bermatzeko. Roigek nahia azaldu du langileekin bilera ere egiteko.

Langileak ere ezustean hartu ditu erabakiak. Ubaldo Solak, langile batzordeko presidenteak, adierazi du asteartean bilera egingo dutela zuzendaritzarekin, eta ondoren erabakiko dutela zer-nolako protestak egin. Gamesak atzo iragarri zuen fabrika itxi eta 150 langileak kaleratzeko asmoa duela. Enpresak adierazi du 45 langileri emango diela beste lanen bat. Erabaki hori ez du ulertzen langile batzordeak. "Eredua aldatu den bakoitzean itxi zezaketen enpresa, baina beti berregituratu dute", esan du Solak. Hartara, galdetu du zergatik orain enpresak ez duen horrelakorik egin nahi.

Gamesak prentsa ohar batean jakinarazi duenez, ekoizpen gaitasuna eskariaren beharretara egokitzeko neurri bat da hartu duena. "Espainian, haize industria ia erabat geldituta dago; Europan, berriz, uzkurtze gogorra ari da izaten".

Altsasuko (Nafarroa), Albeceteko eta Miranda Ebroko (Espainia) lantegietan haize errotetarako G-52 motako palak egiten dituzte, nahiko zaharkitua geratu den eredua. Nahiz eta mota horretako palen eskaria ez den erabat galdu, azkenaldian asko jaitsi da. Beraz, ekoizpen gaitasuna txikitu beharrean aurkitu da enpresa. Enpresaren esanetan, Altsasuko lantegiak duen tamainagatik ez da bideragarria han beste produktu batzuk ekoizten hastea.

Baina ekoizpen gaitasuna murrizteko neurriek ez diote Altsasuko lantegiari bakarrik eragingo. Konpainiak aurreratu duenaren arabera, datozen egunetan beste lau fabrikazio lantegiri eragingo dien enplegu erregulazio eskaera aurkeztuko du Espainiako Lan Zuzendaritzan. Coruñako Sigueiron, Zaragozako Tausten, Burgosko Miranda Ebron eta Valladolideko Medina del Campon dituen lantegietako 362 langileri eragingo die erregulazioak.

115 milioi euroren irabaziak

Altsasuko lantegiaren itxiera iragarri duen egun berean eman du iazko emaitzen berri Gamesak. Haize erroten sektorean munduko hirugarren enpresak 115 milioi euro irabazi zituen iaz, urtebete lehenago baino %64 gutxiago. 2008an 320 milioi euroren mozkina poltsikoratu zuen, baina kontuan izan behar da horietatik 143 milioi euro eguzki energiaren sektorean zuen negozio zatia saltzetik eskuratu zituela.

Konpainiak jakinarazi duenez, iaz 150 milioi euro aurreztu ahal izan zituen iaz, bere lanerako estrategia berriari esker. Eskariak jaso ahala ekoiztea da estrategia horren gakoa, eta, dirudienez, emaitza onak ekarri ditu. Horrela, haize erroten fabrikaziotik %7,2ko EBIT marjina ateratzea lortu du, esperotako %6-7aren gainetik. 2008an %5,8ko marjina erdietsi zuen.

2009an Gamesak 3.229 milioi euro fakturatu zituen salmentetatik, urtebete lehenago baino %16 gutxiago. Atzeraldiaren errua finantza merkatuen ahulaldiari egotzi dio konpainiak, finantzaketa falta dela-eta hainbat proiektu bertan behera gelditu zaizkiolako azken urtean. Moteltze horrek, noski, megawatten salmentan ere izan du eragina, orotara 3.145 megawatt saldu baitzituen iaz, aurrez ikusitakoaren %95 inguru.

Hala ere, aurtengo lehen seihilekoa hobea izango dela uste du Gamesak. Jaso dituen eskari berrien ondorioz, jardueran igoera izatea espero du. Hain zuzen, AEBetako eta Txinako merkatuak dira egun Gamesaren apustuak. Hala, datozen hilabeteetan Txinako merkatuan egonkortzen eta AEBetan duen presentzia handitzen saiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.