CEL ixteko eta langile guztiak kaleratzeko erregulazio espedientea uztailaren amaieran abiatu zuten oraingo jabeek, baina ezer gutxi egin du aurrera, hura kudeatu behar duen epailea datorren astelehenera arte ez delako itzuliko oporretatik. Bien bitartean, CELen fabrikak edo makinak erosteko interesa izan dezaketen hiru talde azaldu dira. Azkenekoaren berri orain jakin dute langileek, Europa Press agentziari jakinarazi diotenez. Ez dakite haren izena, ez eta zer asmo zehatz duen ere; soilik bihar dela lantegiak bisitatzekoa.
CELek lau lantegi ditu: bi Artziniegan (Araba), bat Gueñesen eta beste bat Zallan (Bizkaia). Artziniegako Dermo Products Development txikia izan ezik (hogei langile), beste hirurak itxi egin nahi ditu, eta 230 langile kalean utzi.
Langileek protesta ugari egin dituzte abuztuan, administrazioei presio egiteko beren egoerari irtenbide bat eman diezaioten. Bihar, hirugarrenez elkartuko dira Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean —hura da makinen jabea—, eta, gero, kartelak itsastera joango dira Areatzako festagunera.