Sindikatuak eta gizarte taldeak berriro atera dira kalera krisiari ematen ari zaion erantzun politikoaren aurka. Bilbon, 17:30ak aldera atera da martxa. Antolatzaileen helburua bestelako eredu sozial eta ekonomiko bat eskatzea da, gaur egungo politikak gizartea "hondamendira" eramaten ari direlako. Milaka lagun batu dira protestara; manifestazioaren hasieran 15.000 lagun zirela kalkulatu dute antolatzaileek.
Zortzi sindikatuk egin dute bat deialdiarekin: ELA, LAB, EILAS, ESK, EHNE, Hiru, CGT eta CNT. Horiekin batera, beste 50 gizarte taldek ere babesa agertu diote deialdiari. Hain zuzen ere, joan den urteko irailaren 26an murrizketen aurkako lanuzte orokorra antolatu zuten erakundeak dira.
Amaiera ekitaldian, Madrilgo esanei "men" egitea leporatu diote sindikatuek Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia hala mintzatu da: "Behar dugu babes soziala eta behar dugu beste fiskalitate bat". Muñozek gogoratu du Patxi Lopezek bere legealdian 620 milioi euro murriztu zituela hiru urtetan, eta Urkulluk lehenengoan 1.200 milioi murriztuko dituela. Uste du horrela "pobrezia gehiago eta langabezia gehiago" izango dela.
LAB: "Aurrekontu proiektua pobretze makina bat da"
Sonia Gonzalez LABeko komunikazio idazkariak uste du Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua "pobretze makina bat" dela. Gonzalezen ustetan, Jaurlaritzak "alternatibarik ez dagoela" dioenean esan nahi du "ez duela gehiengoaren aldeko aurrekontuak egiteko asmorik".
"Gastu sozialean 711 milioi euro murrizten diren bitartean, ez dago inongo arazorik AHTan dirua aurreratzeko", esan du Gonzalezek. "Hori da muturra izatea", gaineratu du.
Igor Lopez de Munain EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hartutako neurri "atzerakoi eta antisozialak" salatu ditu. Uste du neurri horiek "urteetako atzerakada" ekarriko dutela.