Grebalariak Aske plataformak deituta, manifestazioa egin dute gaur eguerdian Bilbon, lau gazteen aurkako epaiketa bertan behera uzteko eskatu, eta haien absoluzioa aldarrikatzeko. Muntaia polizialik ez, grebalariak aske lelopean, Bilboko Jesusen Bihotza plazatik abiatu dira 12:45ean.
Ehunka lagun batu dira gaurko protestan, horietako asko puxika eta kamiseta gorriak zeramatzatela. Auzipetuak, berriz, manifestaldiaren buruan joan dira. Plaza Biribilean amaitu dute martxa, eta Leire Txapartegi ELAko ordezkariak hartu du hitza. Auzia soilik Poliziaren bertsioan oinarrituta dagoela adierazi du, eta "gehiegizko" eskaera zigorrak kritikatu. Halaber, esan du beste eredu sozioekonomiko baten alde borroka egiteagatik zigortu nahi dituztela lau grebalariak.
Jon Telletxea, Urtzi Martinez eta Aitor Fernandez. Hiru gazte horien aurkako epaiketak hilaren 11n hasiko dira, 2012ko martxoaren 29ko greba orokorreko istiluetan parte hartzea egotzita. Irantzu Ialdebereri ere delitu bera egozten diote, baina gertaeren garaian adingabea zen, eta beste auzitegi batean epaituko dute. Telletxea, Martinez eta Fernandezentzat 42 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak, 14na urte.
Epaiketak hasiko diren egunerako ere antolatu dituzte protestak. 19:30ean beste manifestazio bat egingo dute Deustuko San Pedro plazatik abiatuta. Hilaren 11n bertan eta 12an kontzentrazioa egingo dute 09:30etatik aurrera epaitegien aurrean, epaiketak iraun bitartean.