"Beste eredu bat behar dugu, eta guk proposatzen duguna eredu independentea eta sozialista da, edo bestela esanda: ekonomia jendartearen zerbitzura jartzea, eta ez oligarkia finantzarioaren esku". Pernando Barrena eta Amaia Izko Sortuko kideek agerraldia egin dute gaur Donostiako egoitzan, eta langileen nazioarteko egunarekin lotutako mobilizazioetan parte hartzera deitu du.
Sorturen ustez, Euskal Herriak ez du etorkizunik ez espainiar ez frantziar estatuen menpean; ez politikoki, ez ekonomikoki. "Euskal Herrian baldintzak ematen dira independentziaren eta sozialismoaren iparra aintzat hartuta errealitate berriak eraikitzeko, plano politikoan eta sozialean, sakoneko aldeketetara ailegatzeko". Baieztatu dutenez, euskal ekonomia "bidegurutzera iritsi da", eta bi dira aukerak: "Oligarkiaren Europa, Madril eta Confebask zein Nafarroako patronalaren ereduari men egiten jarraitu, ala aurre egin eta gure bidea gauzatzen hasi".