Bestelako kontsumoa otarreetan ere

Intermon Oxfamek eta Kooperanek Gabonetako saski ezberdinak eskaintzen dituzte: bidezko merkataritzan oinarritutakoak eta elikagai ekologikoekin osatutakoak. Eskaintzaren jaitsierak zuzenean eragin badie ere, pixkanaka euren bidea egiten ari dira.

Lander Muñagorri Garmendia.
2011ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Enpresetan oro har ohiko produktuekin osatutako otarreak jasotzen baldin badira ere, horien aldean aukera ezberdinak eskaintzen dituzte Intermon Oxfam, Koopera eta gisa horretako elkarte eta dendek, besteak beste. Gabonetako otorduetarako horren ezagunak diren hainbat markarekin osatutako saskien aldean, bidezko merkataritzako produktuekin, elikagai ekologikoekin eta berreskuratutako objektuekin osatutako saskiek tartea topatu dute merkatuan. Bestelako produktuak dauzkaten saski alternatiboen bidez, hain zuzen ere.

Baina enpresek saski gutxiago eskatzen dituzte krisi egoeraren ondorioz, eta era horretako saskiak egiten dituztenei ere zuzenean eragin die egoera ekonomikoak. «Gurekin lan egin izan duten enpresa asko egoera larrian daude une honetan, langileak kalera botatzeko zorian. Eta hori zuzenean sumatzen ari gara saskien salmentetan», dio Gotzone Olarra Intermon Oxfameko boluntarioak.

Bidezko merkataritzako produktuekin osatutako otarreetan, Intermon Oxfameko dendan topatu ahal diren elikagaiak eskaintzen dituzte: kafea, txokolatea, ardoak, zainzuriak eta kafe eta kakao likoreak. Horiek izan ohi dira 19 eurotik hasi eta 43 euro bitarteko otar ezberdinetan eskaintzen dituzten produktuak, besteren artean. Elikagai horien bidez ekoizlearekiko justizia egiten dela azpimarratu du Olarrak. «Horregatik, hainbat urtetan gurekin lan egin izan duten enpresek ez gaituzte alde batera utzi, baina Gabonetako otarreen erosketarekin ezin dute laguntzen jarraitu».

Saskien salmentan beherakada sumatu baldin badute ere, azken boladan eskaintzen dituzten produktuen inguruko interesak gorakada izan duela ikusi du era berean Olarrak. «Bidezko merkataritzaren inguruko sentsibilitatea hazten ari da, eta askotan otzara bat osorik erosi beharrean, produktu bakar bat erosten dute», ondoren langileei emango dieten Gabonetako saski horretan txertatzeko. «Detaile txiki bat da, eta pauso bat era berean». Horregatik, bidezko merkataritzako produktuekin osatutako saski osoa banatzen ez badute ere jendea sentsibilizatzeko beste bide on bat izan daitekeela uste du Intermon Oxfameko boluntarioak.

Zerbitzua estreinatzen

Bilboko Koopera gizarte sarea ere antzeko proposamen bat eskaintzen hasi zen joan den urtean, enpresetan banatu ohi diren gabonsarien aldean beste eskaintza mota bat plazaratzeko asmoarekin. Bidezko merkataritzako elikagaiez gain, tokian tokiko produktu ekologikoak eta elkartean bertan berreskuratu ohi dituzten objektuak txertatzeko aukera eskaintzen hasi ziren saski horietan. «Saskiak bezeroak nahi duenaren arabera prestatu ohi ditugu; esaterako, jostailuren bat edo libururen bat sartu nahi izanez gero, horretarako aukera ere ematen dugu», Terese Heras Koopera gizarte sareko kidearen hitzetan.

2010eko Gabonetarako hasi ziren saskiak eskaintzen, eta alde horretatik balorazioren bat egiteko goizegi dela uste du Herasek. Izan ere, joan den urtean enpresaren baten eskaerarik izan baduten arren, aurten ez dute inongo saskirik bidaltzeko aukerarik izan. Erakunde publikoetatik euren produktuarekiko interesa erakutsi dute, baina «oro har enpresek hausnarketa egin dute, eta behar ez dena kentzen hasi dira. Beraz, Gabonetako opari horiek beharrezkoak ez direnez, saskietatik hasi dira murrizketak egiten», dio.

Edozein modutan, erantzun ona izaten ari dira bestelako bezeroen bidez, jendeari ideia gustatzen ari baitzaio, eta «kontsumo iraunkorra sustatzen duen beste erosteko modu bat» dela uste du. Azken finean, elkarteko kideek egiten dutenaren araberako eskaintza daukate, eta ingurumena zaintzeko asmoarekin lan egiten dute. Baina banakako bezeroen artean jendea izaten ari den interes horrek ondorioak izan ditzakeela uste du. Era horretan, banakakoen arrakastak enpresetara kutsa daitezkeela ere uste du Herasek.

Webgunea ere martxan jarri berri dute, eta bertan saski pertsonalizatuak egiteko aukera zabaltzen diete bezeroei. Edozein modutan, merkatuko gainerako saskien eskaintzan bezalaxe, 20 eta 60 euro bitarteko saskiak izan ohi dira. Produktuak gainera puntakoak direla azpimarratu du Herasek, eta, lekuan lekuko ekoizleen produktuak eta bidezko merkataritzakoak direnez, justizia egiten dela elikagai edo saski horiek erosiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.