Eroskiren ekarpenak

Betiereko izaera daukan produktua

2002tik 2007 artera saldu zen Eroski eta Fagorren zorra. Eman zen edo eman ez zen informazioan dago auziaren gakoa.

xabier martin
2014ko urtarrilaren 21a
15:22
Entzun

Eroskik eta Fagorrek hazkunde ekonomikoaren aroan (2002tik 2007ra) jaulki zituzten ekarpenak. Santander eta BBVA bakuek egin zituzten Eroski eta Fagorren ekarpenen operazio gehienak. Eroskiren ekarpenen %44 BBVAk saldu zituen, eta Santanderrek, Fagorren ekarpenen %57. Produktu guztien %27 baino ez zituen saldu Euskadiko Kutxak; baina Eroski eta Fagorren bazkideen artean hartu zituztenak salbuesten badira, %21era jaisten da kopurua. Gainontzeko guztiak beste hainbat bankuk saldu zituzten.

Ez dira lehentasunezko parte hartzeak, baina haien antza dute. Haiekin gertatu den bezala, informazioan dago auziaren giltza, eman den edo eman ez den informazioan, eta informazio hori ulertzeko gaitasunean edo gaitasun faltan. 

Mondragon taldeko kooperatibek euren inbertsio batzuk finantzatzeko sortu zituzten ekarpenak, eta bankuen bidez merkaturatu. Produktuen xehetasunak jasotzen dituen liburuxka egin zuten, eta han zehatz jasotzen dira ezaugarriak. Esaten da ekarpenak norbaiti saldu nahi izanez gero, haren balioa merkatuaren arabera igo eta jaisten dela. Errenta finkoko merkatuan sal daitekeela alegia, baina merkatu horretan balioaren erdia baino gehiago galdu dute jadanik ekarpenek. Gainera, beste bi bide aipatzen dira ekarpena uzteko: bost urteren buruan Eroskik erostea edo kooperatiba desagertzea. Halaber, zehazten da, lehentasunezko zorra ez denez, enpresek porrot eginez gero, beste zor batzuk pagatuko direla lehenik. Horregatik daukate betiereko izaera, merkatuan saltzea lortzen ez bada (eroslea topatzea), produktua betiko daukalako bezeroak.

Haatik, ekarpen horiek dituzten bezero askok, Kaltetuak elkartekoek adibidez, informazio hori ez zitzaiela eman salatu dute. Euren inbertsioa noiznahi berreskuratu ahal izango zutela uste izan zuten, gordailu finkoak balira bezala. Sinatutako kontratuek ere ez dituzte islatzen ezaugarri arriskutsu horiek guztiak.

Eroskiren eta Fagorren ekarpenak eta Espainiako banku handiek krisi garaian saldu zituzten lehentasunezko parte hartzeen artean bada aldea, ordea, eta ez txikia. Kooperatibek dirua galdu nahiz irabazi, ekarpendunek interesak bermatuak dituzte. Azken bost urteotan 173 milioi euro eman dituzte interesetan. 2012an 30 milioi euro banatu zituzten Eroskiren ekarpenen jabeen artean, gordailu finkoek ematen dituzten interes mailatik gora (%4tik gora).

Ekarpenen arazo handienetakoa, ordea, likidezia da, ez baitago finantza erakundeen esku, merkatuaren esku baizik. Dirua berreskuratu nahi izan zutenean ohartu ziren bezero ugari hori ezin zela egin. Hala diote elkartekoek. 40.000 lagun inguru izango dira Mondragon taldeko enpresen ekarpenen jabeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.