Zergak

BEZ zergaren tasa murriztuak nahierara ezartzeko atea ireki du Bruselak

Ogasunei autonomia handiagoa eskaintzea proposatu du, herrialde bakoitzak erabaki dezan produktuak eta zerbitzuak nola zergapetu.

Pierre Moscovici Europako Batzordeko Ekonomia eta Ogasun komisarioa, BEZ zerga gaurkotzeko proposamen sortaren aurkezpenean. OLIVIER HOSLET/EFE
Ivan Santamaria.
2016ko apirilaren 7a
08:00
Entzun

BEZ balio erantsiaren gaineko zergaren araudia goitik behera aldatzeko prest dago Europako Batzordea. Pierre Moscovici Ekonomia eta Ogasun komisarioak aurkeztu du gaur batzordearen ekintza plana. BEZaren tasak ezartzeko askatasuna areagotzearekin batera, zergari lotutako iruzur handia mugatzeko hainbat neurri martxan jarri nahi dituzte.

Gaur egun, herrialdeek askatasuna dute zergaren tasak ezartzeko, baina zerrenda itxi batek arautzen du nolako produktuei eta zerbitzuei ezarri ahal zaien tasa murriztu bat. Sistema eraldatzeko bi aukera jarri ditu mahai-gainean Bruselak. Lehena litzateke BEZ orokorraren gutxieneko tasa %15ean jarraitzea, gaur egun bezala, baina tasa horretatik behera egon daitezkeen produktuen eta zerbitzuen zerrenda lantzean behin berrikustea. Zerrenda hura 1990eko hamarkadaren hasieratik egon da indarrean, aldaketa handirik gabe.

Bigarren aukerak egungo zerrenda sistemarekin amaituko luke. Herrialde bakoitzak izango luke eskubidea BEZaren tasekin nahierara jokatzeko. Hots, aukeratu ahalko luke zein produktuk eta zerbitzuk ordainduko dituzten zerga gutxiago. Europako Batzordea bigarren aukera honen alde dago, hainbat baldintza ezarriz gero iruzurra edo lehia desleiala eragozteko. Esaterako, debekatzea balio handia duten eta garraiatzeko errazak diren produktuek tasa murriztua izatea.

Hego Euskal Herrian hiru BEZ tasa ezberdin daude indarrean. Tasa orokorra %21 da, eta %10 eta %4ko tasa murriztuak ere badira hainbat gauzetarako. Itundutako zerga bada ere, tasak ezartzeko eskumena Espainiako Gobernuak du. EAJ agintean egon denean, Eusko Jaurlaritzak eskatu izan du tasa horiek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek ezarri ahal izatea, arrakastarik gabe.

Iruzurra murrizteko aldaketak

Bruselak egindako kalkuluen arabera, bilioi bat euro biltzen dituzte Europa osoko ogasunek BEZaren bidez. Haatik, urtero 170.000 milioi batu gabe geratzen direla uste du, zerga ez ordaintzeko dauden bidezidorrak eta iruzurra dela-eta. Iruzurraren parte oso handi bat —50.000 milioi ingurukoa— mugaz gaindiko eragiketetan gertatzen da.

Bruselak nahi du BEZ zonalde bakar baterako urratsak egitea. Gaur egun bezala, mugaz gaindiko eragiketetan produktuei edo zerbitzuei doazen herrialdeko BEZaren tasa ezartzen jarraituko zaie, baina, gaur egun ez bezala, sorterriko ogasunak bilduko du zerga, eta ondoren kontsumituko den herrialdera bidaliko du dirua. Bruselak ziurtatu du egungo iruzurraren %80a —40.000 milioi euro– murriztuko lukeela halako aldaketa batek.

Liburu digitalak, paperekoak bezala

Ekonomia digitalaren inguruan ere gogoeta egin du batzordeak. Mugaz gaindiko merkataritza digitala errazteko proposamen zehatza aurkeztuko du urtea amaitu baino lehen. Horren aurretik paperezko argitalpenen eta digitalen artean dagoen desoreka zuzendu nahi du. Gaur egun liburu digitalek BEZ tasa orokorraren arabera zergapetzen dira, eta paperezkoek tasa murriztua izateko aukera dute. "Juncker presidenteak esan zuen liburu bat liburu bat dela, eta horri erantzun nahi diogu", azaldu du Moscovicik. Liburuen eta agerkari digitalen BEZa paperekoarekin parekatzea da helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.