BEZa igotzeko aukera badagoela esan du Espainiako Gobernuak

Zeharkako zergen igoera zuritzeko arrazoiak eman ditu Elena Salgado Ekonomia ministroak

jakes goikoetxea
2009ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Txapel bakarrarekin ezin dira bi buru estali, baina Espainiako Gobernuak hala egin nahi du. Haren txapela balio erantsiaren gaineko zerga da (BEZa): alde batetik, BEZa igota, zor publikoak eragindako zuloaren zati bat estali nahi du; bestetik, kontsumoari eutsi nahi dio. Baina, BEZa igoz gero, kontsumoa jaisteko arriskua badago, hainbat produkturen prezioak garestituko baitira.

Espainiako Gobernuak BEZa igoko du. Ez du ofizialki baieztatu, baina gaiaren bueltan itzulinguruka dabil, horrelako erabakiak baieztatu aurretik egin ohi den moduan. Herenegun Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak esan zuen zeharkako zergak aldatuko dituztela; atzo, berriz, Elena Salgado Ekonomia eta Ogasun ministroak gehitu zuen BEZa igotzea dela aztertzen ari diren aukeretako bat.

BEZaren igoera zuritu ere egin zuen, Espainiako BEZa Europako Batasuneko apalenetakoa delako, %16koa. Salgadok horretan arrazoi du. EBn Luxenburgok eta Ziprek bakarrik dute Espainiak baino BEZ apalagoa.

Salgadok BEZaren balizko igoera zuritu zuen atzo, lortutako dirua gizarte gastuak egiteko erabiliko dela esanez. «Sakrifizioa» eta «elkartasuna» eskatu zien herritarrei.

Hala ere, BEZa igotzeak ez die guztiei berdin eragiten. Igoera bera da herritar guztientzat, baina herritar guztien erosahalmena ez da bera. Beraz, igoerak gehiago eragiten die diru gutxiago irabazten dutenei, herritar gehienei.

Ikusi beharko da ea Espainiako Gobernuak BEZaren tasa orokorra -%16koa- bakarrik igoko duen edo BEZ murriztuak ere igoko dituen. Esaterako, elikagaiek eta botikek%4ko BEZ murriztua dute. Espainian, 2007ko datuen arabera, BEZ murriztuaren bidez biltzen da BEZaren bitartez jasotzen den diru guztiaren erdia baino gehiago.

BEZa igoz gero, Espainiako Gobernuak mesede egingo die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioei eta Nafarroako Gobernuari: zerga igoeraren kostu politikoa berak jasango du, baina BEZarekin bildutako dirua haiek kudeatuko dute.

Ez da huskeria krisi garaiotan: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek iaz baino %30 gutxiago bildu zuten uztailaren amaiera arte BEZaren bitartez. Ia 700 milioi euro gutxiago.

Iruzurraren zuloa

Hala ere, BEZaren kasuan, biltzen denaz gain, aintzat hartu behar da biltzen ez den dirua ere, BEZarekin egiten den iruzurra. Nafarroako Ogasunak iaz iruzur egindako 151,5 milioi euro berreskuratu zituen, eta horietatik 65 BEZari zegozkion. Gipuzkoan guztira 335,7 milioi euro berreskuratu zituzten, horietatik 99 BEZarenak.

Baina Espainiako Gobernua ez da ari BEZaren igoera bakarrik aztertzen. Baita zerga bereziena ere, hau da, tabakoarena, alkoholarena eta erregaiena. Alegia, krisiaren ondorioz kontsumoak behera egin duen garaiotan, kontsumoa zigortuko du, kontsumoan eragin zuzena duten zergak igoz.

Espainiako Gobernuak aurten baino 15.000 milioi euro gehiago bildu nahi ditu datorren urtean, horietako asko zergak igota. BEZa bi puntu igoz gero, %16tik %18ra, urtean 6.000 milioi euro gehiago bilduko lirateke, zenbait adituren arabera. Baina, krisiak kontsumoa apaldu duen garaiotan, ikusteko dago kopuru horietara iritsiko litzatekeen.

Zergak igotzeko proposamen zehatza hilaren amaieran jakingo da, Espainiako Gobernuak 2010eko aurrekontuen aurreproiektua aurkezten duenean. Zergen igoera oposizioko alderdiekin negoziatu beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.