BEZa igotzeko eta lan itunen luzapena kentzeko eskatu dio NDFk Espainiari

NazioartekoDiru Funtsak uste du sektore publikoan zein pribatuan soldatak jaitsi behar direla

Iker Aranburu.
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
NDF Nazioarteko Diru Funtsak ere esan dio Espainiari zer egin behar duen. Haren ustez, Espainiako Gobernuak «berehala» igo beharko lituzke BEZa eta zerga bereziak, lan erreforma gogortu beharko luke —ultraaktibitatea edo iraungitako lan itunen luzapena kenduta—eta soldatak jaitsi behar dizkie funtzionarioei.

Soldatak dira, hain zuzen ere, NDFk atzo Espainiari buruz kaleratutako txostenaren gai nagusietako bat. Ontzat jo du lan erreforma, haren iritziz, enpresei «merkatuen egoerara egokitzera» lagunduko dielako, «enpleguaren ordez, soldatak eta lanaldia doituta». Erreformaren ondorioak ikusteko goizegi dela dio NDFk, baina oraingoz «soldatak ez dira nahikoa egokitu langabezia tasa izugarrira». Horregatik, hiru proposamen egin ditu: kontratu mugagabeek eta aldi batekoek ematen duten «babesa» berdintzea; soldatak KPIra egokitzeko eta iraungitako lan itunak luzatzeko klausulak —ultraktibitatea— ezabatzea; eta enpresei aukera handiagoak ematea lan itunak ez betetzeko.

Txostenaren beste atal batean soldatak aipatu ditu berriro NDFk: langileei eskatu die beren sariak «moderatzeko», eta enpresei, berriz, horien bidez aurrezten duten dirua prezioetara eta enpleguak sortzera bideratzea. Horrela, NDFren iritziz, «baliabideak sektore dinamikoetara bideratuko lirateke». Funtsean, barne deflazioa proposatzen ari da. Hau da, Espainia pobretzea nazioartean lehiakorragoa izan dadin. Prozesu hori jada martxan dago: enpresa asko soldata murrizketa handiak egin nahian ari dira, eta esportazioen eta inportazioen arteko aldea —BPGaren %10 izatera iritsi zena— asko murriztu da, kanpoko salmentei esker.

Txaloak eta kritikak

Christine Lagarde buru duen erakundeak txalotu egin du Espainiako Gobernua, lan erreforma «sakona» egiteagatik, 2012rako aurrekontu «anbiziotsua» egiteagatik eta erkidegoen finantzak estuago kontrolatu nahi izateagatik. Baina egurra ere eman die oraingo gobernuari eta aurrekoari, krisiaren kudeaketa okerraegin dutelako: «2011ko kontuen desbideraketa handiak —%6koa izan behar zuen defizita, eta %8,9koa izan zen— gastuak kontrolatzeko sinesgarritasuna kendu dio Espainiari eta 2012an doikuntza handiagoa egitera behartu du. Desbideraketaren eragina are okerragoa izan da ia urtearen amaieraraino [Gobernuak] esan zuelako defizita bide onean zihoala».

Murrizketek atzeraldia sakontzen ari direnez, NDFk ez du uste Espainia gai izango denik aurten defizita BPGaren %5,3ra jaisteko. Horregatik, erakundeak uste duepe erdian kontuetako zuloa estaltzeko plan bat behar duela Madrilek. «Europako bazkideen adostasunarekin», Espainiak ez lituzke gastuaren murrizketa guztiak orain egin behar —«bide samurragoa egokiagoa da hain garai ahuletan»—, baizik eta epe luzeago batean. Hori bai, zerga bidezko diru bilketa handitzeko neurriak berehala hartu beharrekoak direla uste du. Bi aipatu ditu: BEZa eta zerga bereziak —alkoholaren, tabakoaren eta erregaien gainekoak— igo beharko lirateke, eta etxebizitza erosteagatik ematen den zerga kenkaria ezabatu. Behin defizita %3ra jaisten denean, enpresek Gizarte Segurantzara egiten dituzten kontribuzioak jaitsi beharko lirateke. Amnistia fiskal gehiago ez ematea galdegin du.

Banku batzuk itxi

Bankuei dagokienez, NDFren txostenak ez du baztertzen banku batzuk ixteko aukera. Haren arabera, hiru talde sortu behar dira: laguntza behar dutenak, baldintza zorrotzekin laguntza jaso eta aurrera egin dezaketenak eta, azkenik, «ez bideragarriak». Joaquin Almunia Europako Batzordeko Lehiarako komisarioak epelak entzun ditu azken egunotan PPren aldetik, zenbait banku itxi egin beharko direla iradokitzeagatik. Adierazpen horri eutsi zion atzo, Mariano Raxoi Espainiako presidentearekin bildu ondoren. Ofizialki, banku nazionalizatuei eusteko asmoa du Espainiak.

Banku asko EBZk uzten dien diruari esker egin diezaiokete aurre eguneroko gastuei. Maiatzean, 287.813 milioi euro eskatu zizkioten, euroguneko bankuek eskatutakoaren %83. Aurreran- tzean ere «banku bideragarriei» dirua uzten jarraituko diela esan zuen atzo Mario Draghi EBZko buruak. Greziako hauteskundeen balizko eragina txikitzeko EBZ diru iturria zabaltzeko prest dagoela aurreratu du Reutersek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.