Krisia eurogunean. Espainiako Gobernuaren neurriak

BEZak kultura zigortuko du

Balio erantsiaren gaineko zerga irailaren 1ean igoko du Espainiako Gobernuak, eta ikuskizunena %8tik %21era igoko daAdministrazio publiko guztietako langileei kenduko diete Eguberrietako saria

Iker Aranburu.
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Kultur munduari grazia handirik egin ez dion ezusteko bat gordeta zuen Espainiako Gobernuak atzoko Ministroen Kontseilurako. Asteazkenetik, BEZa igoko zuela iragarri ondotik, atzo Madrilek jakinarazi zuen orain arte tasa murriztua (%8) pagatzen zuten produktu eta zerbitzu batzuek aurrerantzean tasa arrunt berria (%21) pagatuko dutela. Musika kontzertuei, antzerkiari, zinemari eta beste mota guztietako kultur ekitaldiei dagokie, baita betaurreko eta lentillei, loreei etaetxeen zaharberritzeei ere. Bi zinematik batek itxi egin beharko duela ohartarazi du sektoreko patronalak.

Honako hauek dira atzo Espainiako Gobernuak jakinarazitako neurrietako batzuk:

BEZa

Irailetik aurrera

Turismo sektorearen eta enpresa handien presioari men egin dio Espainiako Gobernuak, eta irailaren 1erako utzi du BEZ zergaren igoera. «Arrazoi teknikoak» argudiatu ditu Montorok. Asteazkenean iragarri bezala, tasa murriztua %8tik %10era igoko da, eta arrunta, berriz, %18tik %21era. Supermurriztuak —oinarrizko jaki askok, botikek, liburuek eta egunkariek pagatzen dutena—%4an jarraituko du. Atzo iragarritako aldaketa nagusia da gaur egun tasa murriztua ordaintzen zuten produktu eta zerbitzu batzuek aurrerantzean arrunta pagatuko dutela, hau da, %8tik %21era igoko dela haien gaineko BEZa. Horien artean daude kultur emanaldiak, autonomoak ez diren ile apaindegiak eta edertasun zentroak, garbiketa zerbitzuak,diskotekak, hileta zerbitzuak... «Laburragoa da esatea zeintzuek eutsiko dioten tasa murriztuari: erosketa saskikoek, ostalaritzak eta garraioak», azaldu du Montorok.

Etxe berrien gaineko BEZa %4tik %10era igoko da, eta, urtarrilaren 1etik aurrera, bizitokia erosten dutenek ez dute errenta zergan kenkaririk jasoko. Neurri horrek ez du eraginik Hego Euskal Herrian, diputazioek eta Nafarroako Gobernuak hala egitea erabakitzen ez duten bitartean.

Montorori egokitu zaio BEZaren igoera defendatzea, gobernua osatu zenetik haren aurkari nagusi izan denari. Raxoiren antzeko hitzekin egin du: «Behartuta gaudelako igo dugu BEZa. Egoerak behartzen gaitu, [Bruselaren] gomendioek, defizita murrizteak lehentasun osoa duelako». Hauteskunde kanpainan agindutako zergen jaitsiera datorren urtean bertan hasiko dutela agindu dute, gizarte kotizazioak puntu bana jaitsiko baitira 2013an eta 2014an.

Langile publikoak

Denei eragingo die

Eguberrietako aparteko saria administrazio guztietako langileei kenduko dietela zehaztu du Espainiako Gobernuak. Ez dago hain garbi zer gertatuko den beste neurriekin, hala nola funtzionarioek nahi dutenean har ditzaketen opor egunen murriztea —seitik hirura—, eta antzinakotasunagatik dituzten jaiak desagertzea.

Trenbideak

Urtebete liberalizaziorako

Hemendik urtebetera, lehia librera zabalduko dute trenbide garraio osoa. Ana Pastor Sustapen ministroak bilera bat egin zuen atzo goizean Renfeko sindikatuekin, eta hor esan zien lau arlotan banatuko dela tren enpresa publikoa: bidaiarien garraioan arituko den bat, trenak mantentzeko beste bat, merkantzietarako beste bat, eta, azkenik, oraingo trenak eta materiala kudeatzeaz arduratuko dena. Lau horietako bat edo beste pribatizatuko direla uste dute sindikatuek. Bidaiarien garraioari buruz, errazagoa izango da lehiakideak sortzea AHT zerbitzuetan edo epe luzekoetan ibilbide laburragokoetan baino, bide laburrekoetako gehienek galerak baitituzte. Trenbideen liberalizazio proiektua ez ezik, aire garraioena ere uztaila amaitu aurretik onartuko du Madrilek.

Saltokiak

Merkealdia, noiznahi

Herenegun Euskomer Araba, Bizkai eta Gipuzkoako dendarien konfederazioak salatutako guzti-guztia egin du Espainiako Gobernuak. Batetik, amaiera eman die merkealdi arautuei. Aurrerantzean, urte osoan egin ahal izango dira merkealdiak edo eskaintza bereziak, eta hor eskaintzen diren produktuek ez dute zertan aurretik garestiago egon. Uda honetako merkealdia, ordea, errespetatu beharko da.

Bestetik, jaiegun gehiagotan ireki ahal eta beharko dute saltokiek. Hiri handietan eta turista asko dituztenetan —Bilbo da bakarra Hego Euskal Herrian—, erabateko liberalizazioa izango da bisitari gehien dituzten lekuetan.

Ostiraletik larunbatera, saltokiak 90 orduz egon ahal izango dira irekita —lehen, 72 ordu ziren—. Igande eta jaiegunei dagokienez, bi berritasun: askatasun osoarekin jarraituko dute denda txikiek, baina, aurrerantzean, 300 metro koadrotik beherako guztiak sartuko dira atal horretan. Hortik gorakoek gutxienez hamar eta gehienez hamasei jaiegunez irekiko dituzte, eta irekitzeko egunei buruzko irizpideak inposatuko dizkiete erkidegoei. Nafarroan, zortzi jaiegunetan ireki dituzte azken urteotan, eta bakar batean ere ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, sindikatuen presioarengatik.

Menpekotasuna

Profesionalen alde

Ministroen Kontseiluak ontzat hartu du Menpekotasun Legearen erreforma proiektua. Bi helburu ditu legegaiak: dirua aurreztea eta menpekoen zaintza profesionalen esku uztea. Horregatik,menpekoak zaintzen dituzten familiei %15 jaitsiko diete laguntza. Gainera, zaintzari buruzko gutxieneko ezagutza bat eskatuko die. Menpeko pertsona zaintzeko norbait kontratatzen dutenei laguntza handiagoak emango dizkiete. Laguntzak banatzeko orduan, familiaren errenta ez ezik, haren ondarea ere kontuan hartuko dute. Menpekotasun egoera onartzeko zain daudenei buruz erabakitzeko epea beste bi urtez luzatu du Madrilek. 300.000 lagun daude ebazpenaren zain.

Udal administrazioa

Kontzejuen amaiera

Udal administrazioa «sinplifikatuko» duen lege proiektu bat onartu du Espainiako Gobernuak. Zinegotzi kopurua %30 txikitu nahi du, eta haien eta alkateen soldatak biztanle kopuruaren arabera finkatu. Udalak indarrez batzeko neurririk ez dago, eta diputazio probintzialak ez dira desagertuko. Horren ordez, udalen azpiko izaera duten administrazioak —3.750 pedania, parrokia eta kontzeju— ezabatu nahi ditu, eta mankomunitateak kenduko ditu —haien eskuduntzak diputazioei emango dizkiete—. Neurri horietako askok ez dute eraginik izango Hego Euskal Herrian, diputazioek eta Nafarroako Gobernuak baitituzte udalen gaineko eskumenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.