Espainiako Gobernuaren erreformak. BEZa

BEZaren igoerak beldurtuta

Hego Euskal Herriko merkatariek salatu dute BEZaren igoerak lanpostuak galaraziko dituela eta sektorea kaskartukoEskolako materiala eta autoak zerga igo aurretik erosten ari dira kontsumitzaileak

Aurrerantzean faktura eta erosketa txartelei gehiago begiratuko diete kontsumitzaileek. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko merkatariak eta kontsumitzaileak kezkatuta daude. Abuztua hondarrera iristen ari da, eta irailaren 1etik aurrera Espainiako Gobernuak balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) igoko die hainbat sektoreri. Egonezina orokorra da, eta zer gertatuko den aurreikustea zaila da merkatarientzat. Gorka Nevado Gasteizko Eternian ile apaindegiko arduradunak, ordea, argi dauka: «Lortu nahi denaren aukakoa lortuko dute neurri horiekin, merkatari txikien sarea deuseztatzea besterik ez».

Krisia hasi zenetik merkataritzak izandako bilakaera gehiago okertuko da Juantxo Salinas Tafallako (Nafarroa) Ilaga loradendako jabearen ustez. «Merkatarien gastuak igo eta igo ari dira, eta horrek produktuen prezioan ez du eragin handirik izan». Gastu horien artean, esaterako, argindarraren igoera dago: 2012an bi aldiz igo da, apirilean %7, eta ekainean %3,95. Eta prezioak bere horretan geratu dira. «Eta orain BEZa igota, merkatari handiek bakarrik eutsi ahal izango diote enbatari», dio.

Baina BEZaren igoera ezberdina izango da sektore batetik bestera, eta merkatarien artean igoerak ez du berdin eragingo. Orain arte bezala, hiru BEZ mota egongo dira: supermurriztua (%4), murriztua (%8tik %10era igoko da), eta arrunta (%18tik %21era igoko da). Baina sektore batzuk supermurriztutik arruntera igaroko dira, baita murriztutik arruntera ere, eta horrek eragingo ditu kolperik handienak.

%4tik %21era

Eskolara itzultzea,inoiz baino gogorragoa

Oinarrizko gauzei ezartzen zaie %4ko BEZ supermurriztua, besteak beste, ogiari, irinari, esneari, gaztari, arrautzei, barazkiei eta frutei. Horietaz gain, liburuek, egunkariek eta aldizkariek ere zerga hori daukate. Horien BEZa ez da aldatuko, baina eskolarako materiala talde horretatik atera eta erregimen orokorrera pasatuko dute.

Material bakoitzaren igoera «ez da horrenbeste sumatuko prezioan», dio Ibai Tamayok, Donostiako Tamayo paper dendako jabeak. Esaterako, 2,5 euro balio duen koaderno baten truke 3 euro ordainduko da irailaren 1etik aurrera. «Baina erosketa oso bat eginez gero, aldea asko nabaritzen da». Eta erosketa handi horiek irailean bertan egingo dituzte haur eta gurasoek, eskolako itzulerako kanpaina hasten denean.

BEZaren igoera saihesteko, ordea, haur eta gurasoak erosketak abuztuan egiten ari direla esan du Tamayok. «Jendea erosketa aurreratzen ari da». Irailarekin batera ohiko erosle andana inguratuko dela espero du, baina haiek ere ez dute gehiago ordainduko: izan ere, eskolako itzulerako kanpainarako BEZaren %17ko igoera Tamayo dendak hartuko du bere gain.

%8etik %21era

Ile apaintzaileen eta lore saltzaileen lana, kolokan

BEZ murriztuak ere gora egingo du irailaren lehenetik aurrera. Igoera bi puntukoa izango da, baina hainbat sektore talde horretatik atera eta tasa arruntera igaroko dira. Egoera horretan daude zinemak, kontzertuak, hileta zerbitzuak, ile apaindegiak, loradendak, gimnasioak, kosmetika produktuak, eta abar.

«Loreen sektorea ez da janarena bezala, eta, horregatik, jendeak loreak erosteari utz diezaioke», azaldu du Juantxo Salinasek. Kontsumoaren jaitsiera sumatu du Ilaga loradendako jabeak, eta irailetik aurrera jendearen jarrera zein izango den jakitea zaila egiten zaio. «Produktu merkeagoak erosiko ditu, edo, besterik gabe, ez du erosiko. Haizeak nondik jotzen duen». Izan ere, euren produktuen eskaintzan aldea nabarmena izango da: gaur egun 40 euro balio dezakeen lore sorta bat 45 euroraino iritsiko baita laster. «Igoera horrek lanpostuak galaraziko ditu».

Gorka Nevado ile apaintzailea ere iritzi berekoa da. Arabako Merkataritza Federazioko kidea da bera, eta datuak eskuan dauzka: «Araban sektoreak 1.500 langile dauzka, eta 300-400 lanik gabe geratuko dira». Igoerak zuzenean eragingo dio ile apaintzaileei. Orain arte %8ko tasa zergatik zuten gogorarazi du Nevadok: «Eskulana behar duen ofizio bat da, eta horregatik geneukan BEZ murriztua». Eta orain zer? Aurrerantzean ilea mozteko iraganeko ohiturak berreskuratuko direla uste du Nevadok, «etxeko egongeletan, eta ezkutuko ekonomiaren eskutik». Haren esanetan, jendeak alternatibak topatuko dituzergei muzin eginez.

%8tik %10era

Zeliakoen menua, «aberatsentzat» bihurtuta

BEZ murriztuaren taldetik hainbat sektore atera badira ere, oraindik multzo horretan utzi dituzte optikak, botikak, kosmetikak, ostalaritza edo eraldatutako elikagaiak. Hala ere, igoera izango dute, eta zenbait sektorek eta kolektibok gogotik sumatuko dute %2ko alde hori.

Gaixotasun zeliakoak dituzten pertsonentzat, esaterako, euren eguneroko erosketak garestiagoak izango dira. «Orain arte gaixotasunik ez zeukaten pertsonekin alderatuta, urtean erosketetan batez beste 1.500 euro gehiago gastatzen zituen zeliakoak, eta orain zer esanik ez», Mireia Apraiz Euskadiko Zeliakoen Elkarteko zuzendariaren esanetan. Zentzu horretan, gaixotasun kroniko hori daukaten pertsonak «baztertuta» daudela salatu du, eta oinarrizko elikagaietan %4ko BEZ supermurriztura pasatzeko eskaera egin du Apraizek. «Orain arte glutenik gabeko elikagaien menua aberatsentzat zen, ez genuen laguntzarik jasotzen. Orain, gainera, BEZa igoko digute, ezin da ulertu».

Eurek ez bezala, optiketan BEZaren igoera ez dute horrenbeste sumatuko, Roberto Vegado Optica Plentziako arduradunak dioenez. «Betaurrekoen prezioetan ez da horrenbeste sumatuko, 150 euro balio duen produktu batean %2ko igoera ez baita horrenbestekoa». Horregatik, sektorean ez du aldaketa handirik aurreikusten, orain arteko joerari jarraitzea besterik ez, hau da, gero eta produktu merkeagoak erostea. «Kalitate eskasagoko betaurrekoak saltzen dira orain, baina eskaera hor egongo da», haren esanetan.

%18tik %21era

Kaltetutako sektoreentzat, kolpe bat gehiago

Gaur egun tasa arruntean dauden produktuen BEZa ere igo egingo da irailetik aurrera, eta arropei, autoen salmentei, edari alkoholdunei, tabakoari, argindarrari, gasari, telefonoari edo Internet zerbitzuei eragingo die hiru puntuko igoera horrek.

Kotxeen salmentan, esaterako, aurretik kaltetuta zegoen sektore horri kolpe bat gehiago emango zaio BEZa igota. Batez beste, kotxeen prezioek 650 euro artean egingo dute gora irailetik aurrera. «Igoera hori dela eta, erosketa apur bat atzeratu behar zuten erosle batzuk tratuak ixten ari dira abuztuan», azaldu dute Irungo Opel kontzesionariokoek. Irailetik aurrera, ordea, egoera okertzea espero dute. Beraz, egungo salmenta urriek kaskartzen jarraituko dute.

Edari alkoholdunen kasuan ere eragin negatiboa izango du igoerak. «Aisialdiari lotutako sektorea da hau, eta krisi garaian kaltea izaten duen lehen sektorea izan ohi da», Rafa Ruiz, Ruiz likore dendako nagusiaren esanetan. 2008tik %30eko jaitsiera sumatu du Bilboko dendan, eta «aurrerantzean gehiago nabarituko dugu, diru gutxiago dagoenean gutxiago gastatzen baita».

Tabernek edari alkoholdun gutxiago erosten diote, baina herritarrek, gehiago. «Otordu gehiago egiten dira etxeetan, eta hori salmentetan nabaritu dugu», azaldu du Ruizek. Edozein modutan, salmenten jaitsiera handia izan da, eta egoera apur bat hobetzeko besterik ez die balio gorantz doazen herritarren erosketek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.