Pertsona berezia da Jose Maria Ruiz Mateos (Rota, Espainia, 1931). Esan eta egindako gehiegikeriek eman diote ospea kalean, eta folklorearen parte bihurtu zen aspaldi. Baina azalaren azpian bada beste norbait ere: bi aldiz enpresa talde bat porrotera eraman eta milaka langileren geroa arriskuan jarri duen enpresaburua dago.
Egungo ikuspuntutik, enpresaburu ekintzailea litzateke Ruiz Mateos. Jerezko Merkataritza Eskolan gradua lortu eta gero, ardoa esportatzeari ekin zion. Apurka, zenbait negozio martxan jarri edo erosi zituen, eta 80ko hamarkadan Rumasa taldea 230 enpresa eta 65.000 langile izatera iritsi zen. Rumasaren bidea 1983ko otsailaren 23an amaitu zen. Espainiako Gobernuak, PSOEren eskuetan, taldeaz desjabetu zuen Ruiz Mateos. Ogasunari iruzur egin izana eta porrot eginda egotea egotzi zion Ekonomia Ministerioak.
Justiziak erruduntzat jo zuen, eta ibilbide sinesgaitza hasi zuen. Kartzelan egon zen —lehenbizi Alemanian, eta gero Espainian—, eta ihesaldi sonatua egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionaletik, ileorde, betaurreko beltz eta gabardina baten laguntzarekin. Ez zen izan azken ikuskizuna epaitegietan: 1989an Miguel Boyer Ogasun ministro ohia jo zuen Madrilgo Auzitegian.
Oso sinestuna da, eta Opus Deiko kidea; hamahiru seme-alaba ditu Ruiz Mateosek. Auzia atzean utzita, beste enpresa talde bat eraikitzeari ekin zion, Rayo Vallecano futbol taldetik hasita. Nueva Rumasan berriro ere erlea erabili zuen ikur gisa. Baina erlearen hegaldia seko gelditu zen, enpresa gehienak porrot egiteko zorian zeudelako. Atzo, talde osoa arazo ekonomikoak dituzten enpresak likidatzen dituen konpainia bati saltzea erabaki zuen. Trukean, ez du dirurik jasoko. •
Pertsonaia. Ruiz Mateos
Bi aldiz zulo berean erorita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu