Ekonomia

Bi banku euro baten truke

Intesa Sanpaolo bankuak gaur sinatu du Italiako Veneto eskualdeko bi bankuren erosketa. Euro baten truke, Intesak Banca Popolare di Vicenza eta Veneto Banca entitateen aktibo osasuntsuak eskuratuko ditu, baita Italiako Gobernuaren 4.785 milioi euro ere, bere kapitalizazioari eutsi diezaion.

Paolo Gentiloni Italiako lehen ministroa eta Pier Carlo Padoan Finantza ministroa. CLAUDIO PERI / EFE
Irune Lasa.
2017ko ekainaren 26a
07:27
Entzun

Ostiralean esan zuen Europako Banku Zentralak bi bankuak "bideraezinak" zirela, eta atzoko egunez erabaki zuen Italiako Gobernuak Veneto eta Vicenza bankuen "likidazio antolatua". Paolo Gentiloni lehen ministroaren arabera, gobernuaren esku hartzea derrigorrezkoa zen, "gordailugile eta aurreztaileentzako arriskuarengatik", eta horrez gain, bi bankuon jatorrizko Veneto eskualdea "Italiako ekonomiarentzako zonalde garrantzitsuenetakoa delako, batez ere enpresa ertain eta txikiei dagokienean".

Bi bankuen aktibo osasuntsuak bereizi egingo dira aktibo toxikoetatik eta Intesa Sanpaolo bankuarentzat izango dira onak, euro bateko salneurri sinbolikoaren truke. Era berean, Intesak 4.785 milioi euro jasoko ditu Italiako Gobernutik, entitateak bere kapitalizazioari eutsi diezaion.

Diru hori eta bankuak onbideratzeko 17.000 milioi eurorainoko bermeak eman ahal izateko, Italiako Gobernuak derrigorrezkoa du Europako Batzordearen baimena. Bideraezinak diren bankuak diru pribatuarekin salbatzea da Europako Batasunaren nahia, eta bide hori argi erakutsi zuen Espainiako Banco Popularrarekin, Santanderrek salbatu-erosi baitzuen euro baten truke, akziodunen kaltetan. 

Venetoko bi bankuen kasuan, aldiz, bi bankuak diru publikoarekin salbatzeko baimena eman du horretarako eskumena duen Ebazpenerako Batzorde Bakarrak. Horrela, erreskatea Italiako legediaren esku utzi du Europak, uste duelako estatu laguntza horiek ez direla bi bankuen mesederako, baizik eta Veneto eskualdean nahasmendu ekonomikoa saihesteko.

Intesak gaur jakinarazi du Banca Popolare di Vicenzaren eta Veneto Bancaren erosketarekin "bi milioi familien eta finantzatutako 200.000 enpresen jarduera" babestu nahi duela, baita bankuetako langileen enplegua ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.