Europako Batzordeak 2000ko hamarkadan ontzigintza sustatzeko Espainiako Gobernuak indarrean jarritako sistema baliogabetu ostean (tax lease), Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziolen geroa kolokan zegoela zabaldu zuen sektoreak. Pott egiteko arriskua ez da desagertu, baina hasi dira ontzigintzari itxaropen pixka bat itzultzen dioten berriak ere. Batzuentzat behintzat. Zumaiako Balenciaga ontziolak jakinarazi du kontratu bat lortu duela, petrolio plataformak hornitzeko baliatzen diren bi itsasontzi egiteko. 60 milioi euroren kontratua da, lehenengoa tax lease-aren aurkako ebazpena iritsi zenetik.
Pymar Espainiako Ontziola Txiki eta Ertainen Patronalaren arabera, 720.000 lan ordu sortuko ditu kontratu horrek Balenciagan eta hura hornitzen duten tailerretan.
Bi itsasontzi horiek ere tax lease sistema bat baliatuko dute, baina hau guztiz legezkoa dela baieztatu du Bruselak.
Eusko Jaurlaritzak bere poza azaldu du Balenciagak lortutako lanari buruz, bere ustez, finantzazio sistema berriari konfiantza osoa ematea balioko duelako. Horri esker ere aurten beste kontratu batzuk itxi daitezkeela ohartarazi du. "Frogatuta geratu da nazioartetik eskatzen zaizkien ontziak egiteko lehiakorrak direla Euskadiko ontziolak. Eusko Jaurlaritza pozik agertu da Euskadiko sektore pribatuak egoera berrira egokitzeko gaitasuna eta bizitasuna dituelako", esan du, ohar baten bidez.